22:25ean
'Musika gaua Lekeition' ikusgai, gaur gauean
A.E.
EiTB
Lierni Agirrezabalak, Dantzaband kontzertuko protagonistekin elkarrizketak egingo ditu batetik, eta bestetik, Lekeitioko uda giroa ezagutuko du. Ondoren Delirium T. Band ikuskizuna eskainiko da.
'Musika Gaua Lekeition' tartea izango dugu ikusgai gaur, 22:25ean, Lierni Agirrezabalak aurkeztuta. Datorren ostiralean Lekeition bertan Dantzaband kontzertuan protagonista izango direnekin elkarrizketak egingo ditu batetik, eta bestetik, Lekeitioko uda giroa aprobetxatuz, lekeitiarrekin berbetan egon da, uda nola pasatzen duten galdetuz, hondartzan, terrazetan, paseatzen… Lekeitioko arrain saltzaileekin ere egon da Lierni, portuan bertan egoten direnekin. Halaber, Aroa jatetxera hurbildu da, Lekeition bertan harrapatutako txibiak nola prestatzen dituzten ikusteko.
Beraz, Dantzaband-en aitzakiarekin, Lekeitioko udako hainbat argazki aterako ditu Liernik saio honetan.
Ondoren, Lekeitioko Udal Bandarekin Andoni Basterretxea Deliriums Tremens-eko kantariak eskainitako kontzertua berreskuratuko du ETBk. Basterretxeak eman zion sarrera kontzertuari, eta Lekeitioko Musika Banda bakarrik aritu zen ondoren giroa sortzen. Delirium Tremensek horren ezagun egin zituen 'Ikusi eta Ikasi', 'Kaixo', 'Ihes' eta 'Boga-Boga' abestiak izango dira kontzertuaren ardatza, eta talde biek batera joko dituzte fusio berezian. Emanaldia Lekeitioko Musika Bandak itxi zuen Glenn Millerren 'American Patrol', George Gershwinen 'Rhapsody in Blue' eta Leonard Bersteinen 'West Side Story' doinuekin.