Itxi

Zuzenean

Zeledonen jaitsiera, igande arratsaldean, ETB2n eta eitb.com-en

A.E.

EiTB

Radio Vitoriako Pilar Ruiz de Larreak eta Ismael Diaz de Mendibilek ekitaldiaren berri emango dute.

Igandean, abuztuak 4, hasiko dira Gasteizko Andra Mari Zuriaren festak eta Euskal Telebistak arabar hiriburuan jazoko den guztiaren jarraipen berezia egingo du. Hasteko, txupinazoa eta Zeledonen Jaitsiera eskainiko dute ETB2k eta eitb.com-ek 17:40etik aurrera Andre Maria Zuriaren plazatik. Radio Vitoriako Pilar Ruiz de Larreak eta Ismael Diaz de Mendibilek une zirraragarri eta pozgarri honetan gidari lanak egingo dituzte, eta Iñaki Elorza eta Maite Eskarmendi kazetariak kalean egongo dira bertan bizi den giroaren berri emateko.

Zeledonen egungo jaitsiera eta duela 50 urte baino gehiago egin zuten lehenengoa oso ezberdinak dira. 1957ko abuztuaren 4an, blusa batzuek bultzatuta jaitsi zen lehen aldiz Zeledon San Migel elizako dorretik. Saiakera ez zen oso arrakastatsua izan, panpina berehala erori baitzen lurrera. Hala ere, ohitura sustraitu egin zen gasteiztarrengan eta urte gutxian txiki geratu zen Plaza Berria txupinazorako. Hori dela eta, 1971ko ospakizuna Andre Maria Zuriaren plazara eramatea erabaki zuten.