Uholdeak
ETB2k '1983. Euskadi inundada' dokumentala estreinatuko du gaur gauean
M.A.
EITB
Zorigaiztoko hondamendi naturala gertatu zenetik 30 urte joan dira eta dokumentalak gertakari latz hura ekarriko du gogora.
Euskadik inoiz jasan duen uholde bortitzenaren 30. urteurrena da aurten, eta horrexegatik Euskal Telebistak 1983 Euskadi inundada dokumentala estreinatuko du. Jabi Elortegik zuzendu du EITBk eta Pausokak elkarlanean egin duten dokumentala, eta gainera Eusko Jaularitzaren, Bizkaiko Foru Aldundiaren, Saymaren eta Sabadell Guipuzcoanoren laguntza izan du.
1983ko abuztuaren 26an Euskal Herriko ehunka herri hondamen-eremutzat jo zituzten, etengabeko euriteek eta horiek eragindako uholdeek dena hondatu ostean.
30 urte igaro dira, eta 34 hildako, 5 desagertu eta 200.000 milioi pezetako (1.200 milioi euro) kalte materialak utzi zituen ezbeharra gogoan dute oraindik askok.
Etenik gabeko euriteek astebete iraun zuten, eta lehenengo uholdeak Gipuzkoan izan ziren. Hala ere, urak ez zuen denbora asko behar izan Araba, Nafarroa eta Bizkaia itotzeko. Azken hori izan zen uholdeek gogorren zigortu zuten lurraldea. Uholdeen egunean, metro karratuko 600 litro egin zituen, eta ez zen denbora asko behar izan ehunka herri urpean geratzeko.
Dokumentalak ezbehar natural hura bizi izan zuten lagunen istorio pertsonalak bilduko ditu. Uriarte anaiek enpresa familiarretik ezin irten topatu zuten euren burua; eta Mari Jose Irizarrek erdi zeneko uneak ekarriko ditu gogora. Bestalde, Elizondotarrak Bermeoko Kasinoaren etxabean zegoen Refugio tabernan itxita geratu ziren, eta bizi izan zituzten une latzak ekarriko dituzte gogora. Hauek eta beste istorio gehiago ezagutuko dituzte ikus-entzuleek Jabi Elortegik zuzendutako dokumentalaren bidez.
Bestalde, lan honek uholdeen jatorria, arrazoia, eta kalteak zeintzuk izan ziren aztertuko ditu. Orduko gertakarien ondoren, gaur egun existitzen den prebentzio-sistema sortu zuten instituzioek. Gainera, egungo teknologia aurreratuak ahalbidetzen du balizko hondamendia aurreikustea eta herritarrak ohartaraztea.
Euskal Telebistak "1983 Euskadi inundada" dokumentala estreinatu du gaur ETB-2n 22:30etik aurrera.