Estropadak
Donostiako Banderaren jarraipen zabala, ETBn
A.H.
EITB
Kirol hitzordu garrantzitsuaren aurrean, zuzeneko emanaldiak eta saio bereziak prestatu ditu Euskal Telebistak.
Your browser doesn’t support HTML5 video
Donostiako banderarako sailkatze proben ondoren, arraunaren munduko hitzordu garrantzitsuena jarraitzeko ikusmina handia da, eta dena prest dago datorren igandeko lehiaren lehenengo jardunerako. ETB1ek eta eitb.com-ek zuzenean eskainiko dituzte lehenengo eta bigarren jardunaldiak, eta Mikel Olazabalek, Ibon Gaztañazpik, Amane Ibañezek eta Xabier Anduezak osatutako kirol taldeak bertatik bertara jarraituko du lehiaketa, goizeko 10:30etik aurrera.
Gizonen eta emakumezkoen proben zuzeneko emanaldiaz gainera, protagonistekin egongo dira, eta Donostiako kaleetako giroaren berri emango dute. Bigarren jardunaldiaren ondoren, lehiaketaren garaileari egingo dioten omenaldia ere eskainiko dute zuzenean.
'Kontxa, pasioa eta garaipena' dokumentala
Koldo San Sebastianek zuzendutako 'Kontxa, pasioa eta garaipena' dokumentala eskainiko du ETB1ek igandean, 21:30ean. Lehiaketaren historia errepasatuko du saioak, eta urteetan zehar sortu diren ohiturak, arauak eta erritoak azalduko ditu. Horrekin batera, Donostian estropadarekin zerikusi berezia duten txokoak ere bisitatuko dituzte. Txapelketa jokatzen den bakoitzean historia egiten duten txoko horiek: Alde Zaharra, Portaletas, Urgull eta Aquarium-eko aldapa, besteak beste.
Nahiz eta gaur egun kirol hitzordu garrantzitsua izan, Donostiako udaldia girotzeko sortu zen lehiaketa, eta dokumentalak 1910. urtetik aurrerako irudiak eskainiko ditu, lehiaketaren lehenengo urteak errepasatuz. Kazetariekin, historialariekin eta arraunlariekin izango dira, lehiaketak izan dituen momenturik garrantzitsuenak gogoratzeko. Horrez gain, urteetan zehar Donostiako Banderan oso presente izan diren bi taldeekin ere izango dira: Kaiku eta Orio.