Gasteizen
'Tu Edificio Favorito' aurkeztu dute arratsaldean FesTValean
Edu Llorente saioaren zuzendariak, Aritz Galarzak ETBren izenean, eta Africa Baeta saioaren aurkezleak egin dute aurkezpena.
ETBk 'Tu Edificio Favorito' saioa aukeratu du FesTValean, Gasteizko telebista jaialdian, aurkezteko. Denboraldi berriarekin, Euskal Telebistak dakarren eskaintza zabalaren ordezkaria izango da beraz, Africa Baetak gidatutako saioa. Principal Antzokian izan da ekitaldia.
Igandeetan, 22:15ean, ematen den saio berri honek Euskal Herriko arkitekturako monumenturik esanguratsuenak lehian jarriko ditu, eta hainbat lagun ezagunek gehien atsegin dituzten eraikinak aurkeztuko dizkigute.
Principal Antzokiko emanaldi berezian saioaren aurkezpena egin dute Edu Llorente saioaren zuzendariak, Aritz Galarzak ETBren izenean, eta Africa Baeta saioaren aurkezleak. Halaber, ekitaldian izan dira dira, besteak beste, programan parte hartu duten Juanma Bajo Ulloa, Susana Soleto, Leyre Berrocal eta David Barbero.
Festvalean ikusi den atalean honako eraikinak aurkeztu dizkigute: Gasteizko Katedral Zaharra, Juanma Bajo Ulloaren eskutik; Butroiko gaztelua, Sara Gandarak aurkeztuta, eta Victoria Eugenia antzokia, Jose Luis Rebordinosekin.
Astero, hiru monumentu
Astero, saioak hiru monumentu edo eraikinen, txoko eta sekretu guztiak erakutsiko ditu. Euskal arkitekturako hiru harribitxi aurkeztuko dituzte astero hiru lagun ezagunek.
Kursaal, Arriaga antzokia, Marques de Riscal hotela, Hondarribiko Paradorea, Tuterako Katedrala, Guggenheim museoa, Gasteizko Katedral Zaharra, Biarritzeko Hotel du Palais eta beste hainbat eraikin ezagutu ahal izango ditu ikus-entzuleak saio honi esker. Eta parte hartuko duten pertsona ezagunen artean izango ditugu Juanma Bajo Ulloa, Javier Clemente, Kepa Acero, David Barbero, Ramon Barea, Elena Arzak, Jon Sistiaga, Jose Luis Rebordinos, Mikel Urmeneta, Itziar Atienza, Helena Resano edota Martin Berasategi.
Zortzi astetan zehar, ikus-entzuleek aurkeztu diren eraikin artean aukeratu beharko dute, eta euren botoa eman. Izan ere, publikoaren iritzia guztiz erabakigarria izango da Final Handira igaroko diren zortzi eraikinak aukeratzeko. Finala zuzenean emango da eta ikus-entzuleek bertan erabaki beharko dute zein den Euskal Herriko eraikinik onena.