Itxi

Saio berezia, gaur gauean

'La Noche de...'k 18 urte bete ditu

A.H.

EITB

Enemigos públicos filma eskainiko du ostegun honetako emanaldi berezian.

Felix Linares. Argazkia EiTB

Euskal ikus-entzuleak bereganatzea lortu duen saio bat baldin badago, 'La Noche de...' aipatu beharra dugu derrigorrez. Azkeneko 18 urtetan Felix Linaresek eman dituen datu harrigarriak, Hollywoodeko istorio dibertigarriak eta zineari buruzko hamaika bitxikeriak jarraitu ditugu astearte gauero. Orain, adin nagusitasuna lortuta, erreferentziazko saioa bihurtu da ETBn, eta urtero urtero, katearen bataz besteko audientzia gainditu du. 2013an, 'La Noche de...'k 12,1% audientzia zatia lortu du.

Gaur beteko ditu saioak 18 urte. 18 urtez, asteartero, etenik gabe, izan dugu ikusgai ETB2n. 968 saio egin dira, 25 minutukoa bakoitza; guztira, 24.225 minutu. Hainbeste emisio ordu betetzeko, 2.904 gidoi sortu ditu lantaldeak. Datu harrigarriak ezbairik gabe, saioaren ibilbide luzearen adierazgarri.

Lehenengo programa 1995ko irailak 19an emititu zuten, Drácula de Bram Stoken filma eskainiz. Saioren hasierako helburua, ondoren emitituko zen pelikula aurkeztea zen. Baina urteak aurrera pasa ahala, saioak bere nortasun propioa garatu du, eta atal berriak sortu ditu. Linea caliente eta Gazapos de película tarteek, esate baterako, ibilbide luzea osatu dute, jarraitzaileen partaidetza eta bermea lortuz.

18 urteotan 968 film eskaini ditu 'LND'k. Horietatik ikusiena, Parque jurásico-ren estreinaldia izan zen. Momenturik ikusiena, berriz, Instinto básico-ren emanaldian lortu zen, Estatu Batuetan zentsuratu zituzten irudiak eskaini zirenean.

Ostegun honetan, 'La Noche de...'k saio berezia prestatu du 18. urteurrena ospatzeko. Hainbat gertakari ekarriko dituzte gogora, sineskeriei buruz arituko dira eta beste hainbat datu harrigarri ere emango dituzte. Horrez gain, primerako pelikula eskainiko dute: Johnny Depp aktorea protagonista duen Enemigos públicos.

Enemigos públicos benetako gertakariak ditu oinarri, John Dillnger-en historioa. Dillingerrek dirua lapurtzen zien aberatsei eta bankuei 30eko hamarkadan; garaiko jendeak '30eko Robin Hood' izenarekin ezagutzen zuen. Johnny Depp arituko da Dillinger-en paperean eta  harekin batera, Christian Bale, Marion Cotillard eta Channing Tatum aktoreak ikusiko ditugu, Michael Mann zinegilearen zuzendaritzapean.

El libro de Eli, bere ordu tartean nagusi

Astearteko 'La Noche de...'k Denzel Washingtonen El libro de Eli zientzia fikzioko pelikula eskaini zuen. Filmak bere ordu tartean nagusitasuna lortu zuen %14,4ko audientzia zatiarekin, eta 287.000 ikus-entzuleko audientzia metatua lortu zuen Euskadin eta eragin eremuan.

Felix Linaresen aurkezpenak, berriz, %11,2ko audientzia zatia izan zuen, eta 228.000 ikus-entzuleko audientzia metatua.

Informazio gehiago (1)