Gaurtik aurrera
Denetarik eta denontzat, ETB1eko arratsalde berrian
A.A.
EiTB
Barne produkzioko bost saio, lau estreinaldi eta 20 ordu zuzenean, astelehenetik ostiralera, Euskal Telebista lehen katean.
Your browser doesn’t support HTML5 video
Gaurtik aurrera, ETB1eko arratsaldeko programazioak egitura berria izango du; denetariko eskaintza eta denontzat zuzendua. Barne produkzioko bost saio emango dira eguerdiko eta iluntzeko 'Gaur Egun' albistegien artean, eta horietako lau, estreinaldiak izango dira: 'Txoriene' sukaldaritza saioko denboraldi berria, Pili Manterolarekin; 'Airean' magazina, Jaime Otamendi buru duen lan-taldearekin; 'Azpimarra' aktualitate saioa, Maddalen Iriartek gidatuta; 'Hizkamizka' lehiaketa, Zuhaitz Gurrutxagaren eskutik, eta 'Euskal Herria Zuzenean', gertuko gaiak jorratuko dituen albistegia, Sara Gandarak aurkeztuta. Guztira, zuzeneko 20 ordu emitituko dira astelehenetik ostiralera.
'Txoriene', Pili Manterolarekin
'Txoriene' sukaldaritza saioren bigarren denboraldia izango dugu ikusgai, oraingo honetan Pili Manterolak aurkeztuta. Getariako Iribar jatetxeko sukaldaria eta Euskadi Irratiko 'Faktoria' saioan kolaboratzaile da Manterola. Aurtengo erronka nagusia sukaldaritza mundua indartzea izango da: Euskal Herriko estilo aniztasuna erakutsi, eta hain ezagunak ez diren sukaldari horien lana ezagutzera eman.
Saioaren egitura berdina izango da, astero sukaldari bat eta egunero bi plater. Xabier Osa (Urgain Jatetxea, Deba), Antxon Amilibia (Aldaburua Ostatua, Larresoro), Urki Balerdi (Zeraingo Ostatua, Zerain), Jon Estankona (Korostondo Erretegia, Otxandio), Txomin Massone (La Maison Oppoca, Ainhoa), Beñat Ormaetxea (Jauregibarria Jatetxea, Zornotza) eta Xabier Zapirain (Gurutze Berri Jatetxea, Oiartzun) etorriko dira 'Txoriene'ra.
'Airean', Jaime Otamendirekin
Bizitzaren eskaparatea izango da 'Airean'. Jaime Otamendik astelehenetik ostiralera, arratsaldeko 15:45etik 17:30era bitartean gidatuko duen aktualitate tertuliak egunak utzi dizkigun berriak eta azken ordukoak landuko ditu. Solaskideez gain, Jaimek platoan Ilaski Serrano eta Uxoa Arbelaitz kazetarien laguntza izango du, eta egunero aditu bat ekarriko dute oso gai desberdinez hitz egiteko. Gainera, astean behin, pertsonaia ezagun eta interesgarri bat elkarrizketatuko dute.
'Azpimarra', Maddalen Iriarterekin
Ordutegi berria estreinatzeaz gain, solaskide berriak izango ditu Maddalen Iriartek egunak dakartzan albisteei azpimarra jartzeko. Egunero aktualitatearen analisia eta eztabaida egiteaz gain, astearte gauero 'Azpimarra+' tartea zabalduko dute. Bertan, elkarrizketa sakon bat egingo du lehendabizi eta mahai ingurua ondoren. Astearte honetan, Elena Franko Gipuzkoa Ogasun diputatua hartuko du Maddalenek.
Horrez gain, astelehen arratsaldean Andoni Lubakirekin arituko da Siriako egoeraz eta asteazkenean Karmelo Landarekin 35/02 makro sumarioko epaiketaz. Aste honetako solaskideak hauek izango dira: Xabier Aierdi, Ander Iturriotz, Josune Ariztondo, Felix Arrieta, Laura Garrido, Eider Alkorta, Maite Ubiria, Adrian Zelaia, Joseba Barandiaran, Pilar Kaltzada, Denis Itxaso, Eneko Zarraoa, Asier Blas, Juan Kruz Lakasta, Ainhoa Aznarez, Garbiñe Mendizabal, Eugenio Ibarzabal, Jose Luis Lizundia, Begoña Errazti, Lourdes Idoiaga eta Eneko Andueza.
'Hizkamizka', Zuhaitz Gurrutxagarekin
Hizkiak, hitzak eta jakintzaren inguruko lehiaketa da batez ere 'Hizkamizka' eta Zuhaitz Gurrutxaga izango dugu gidaria. Ordu erdi irauten du atal bakoitzak eta, bertan, bi lehiakide ariko dira aurrez aurre, kultura orokorreko 100 galderari baino gehiagori erantzuten eta hutsik ageri diren hainbat taula apurka betetzen. Taula horietan kantuen zatiak ageriko dira, edo esaera zahar bat, edo hitz polit baten definizioa, aforismo ezagun bat...
'Euskal Herria Zuzenean', Sara Gandararekin
Euskal Herri osoko gaurkotasuna bertatik bertara jarraituko duen saioa da 'Euskal Herria Zuzenean'. Sara Gandarak informatiboetan sartzen ez diren berriak ekarriko dizkigu egunero: gertakariak, auzoetako arazoak, bitxikeriak...
Hurbileko kontuen bila ibiliko dira eta euskaldunen iritziak jasotzen saiatuko dira, bereziki euskaldun gutxi dauden herrietan. Erreportari taldean Joseba Olagarai, Oihane Mateos, Iker Zabala, Asier Otegi, Aitor Perez, Naihara Gago, Lierni Agirrezabala eta Marta Elvira egongo dira.