Gaur, 23:15ean
Euzko Etxeak New Yorken bete dituen 100 urteei errepasoa, ETB2n
A.H.
EITB
'Euzko Etxea, cien años en Nueva York' dokumentalak euskal komunitateak metropoli handian utzi dituen aztarnak aztertuko ditu.
Gaur gauean, Euskal Telebistak New Yorkeko Euzko Etxeari omenaldi berezia egingo dio, zentroak hirian bete duen mendeurrena ospatzeko. Koldo San Sebastianek zuzenduta, 'Euzko Etxea, cien años en Nueva York' dokumentala eskainiko du ETB2k. Egoitzaren historia errepasatzeaz gain, euskal komunitateak metropoli handian bultzatutako beste ekimen batzuk ere aztertuko ditu.
Euzko Etxearen sortzaileen artean, gehienak marinel euskaldunak ziren. Horregatik, itsasoarekin harreman handia izan du zentroak hasiera hasieratik. Horrez gain, euskal komunitateak aztarna asko utzi ditu New Yorken. Besteak beste, San Peter eliza, hiriko lehenengo eliza katolikoa, Diego de Gardoqui bilbotarrak sortua. Aipagarriak dira, baita ere, Valentin Aguirreren Jai Alai jatetxe ospetsua, eta Bostgarren Etorbidean kokatu zen Eusko Jaurlaritzaren delegazioa.
Dokumentalak irudi historikoak bildu ditu: Agirre lehendakariak New Yorkera egindako bisita (1943), Hippodrome pilotalekuan jokatutako partidak (1938), eta etorkin euskaldunen etorrera (1950) izango dira ikusgai, besteak beste. Gainera, Marilu Navas (Etxabe) eta Anna Maria Aguirre elkarrizketatuko dituzte. Izan ere, haien familiek 100 urte eman dituzte New Yorken.
100 urteko historia
Euzko Etxea 1913an sortu zen, zenbait euskal marinelen ekimenez. Gehienak Busturialdeakoak ziren (Busturia, Arrieta, Ea, Elantxobe eta Forua), eta haiekin batera, Altuna anaiak eta haien koinatua, Nicolas Luzuriaga, zeuden. Hamahiru sortzaileetatik, bakarra ez zen marinela: Escolastico Uriona. Sorrerako estatutuetan eta ondorengo urteetako eginbeharretan, nabaria izan zen sortzaileek eta kideek itsasoarekin zuten harremana.
Hamilton eta Catherine kaleetara irteera zuen alokatutako denda batean ezarri zuten Euzko Etxearen lehenengo egoitza. 1928an hasi eta hurrengo bi hamarkadetan egoitza propioa izan zuten. 1973az geroztik Brooklynen daude.
Koldo San Sebastianek zuzendu du dokumentala, eta Luis Foncillas eta Luis Argeok parte hartu dute.