Itxi

23:30ean

'GAL: Estatu hiltzaileak' dokumentala, gaur gauean, ETB2n

Frantziako Gobernuak GALen atentatuen bilakaeran izan zuen papera du aztergai TAC Presse produkzio etxe frantziarrak egindako dokumentalak, eta orain arte ezagutu ez diren testigantzak jasotzen ditu.

José Amedo. (EiTB)

GAL: Estatu hiltzaileak dokumentala eskainiko du ETB2k gaur gauean, 23:30ean. Frantziako Gobernuak GALen atentatuen bilakaeran izan zuen papera aztertzen du TAC Presse produkzio etxe frantziarrak egindako lanak, eta orain arte ezagutu ez diren testigantzak jasotzen ditu.

Bruno Fay eta Xabier Muntz kazetariek 18 hilabetetan egindako ikerketa lanaren emaitza da dokumentala, eta GALeko kide izandako baten testigantzak jasotzen ditu; ekintzak nola prestatu eta finantzatu zituzten kontatzen du bertan Francis ezizeneko horrek. Halaber, erakundeak zuen funtzionamendua azaltzen du, eta 1984an Baionako Monbar hotelean izandako atentatuarekin lotzen du Jose Amedo polizia ohia. Lau euskal errefuxiatu hil ziren atentatu hartan: Joxe Mari Etxaniz Potros, Inaxio Asteasuinzarra Beltza, Agustin Irazustabarrena Legra eta Xabin Etxaide Eskumotz.

Pierre Jose eta Charles Pasqua Frantziako Barne ministro ohien testigantzak ere jasotzen ditu dokumentalak, eta baita Rafael Vera Espainiako Estatuko Segurtasun idazkari ohiarenak ere. Le Journal du Pays Basque egunkari frantziarrak argitaratutako elkarrizketa batean Fayk azaltzen duenez, 1984rako Frantziako Estatuak bazekien Espainiako Gobernua zegoela GALen atzean.

GALeko beste kide ohi batzuk, atentatuen prozesu judizialetan ibilitako zenbait epaile frantses eta Roger Levy garai hartan Baionan Frantziako Poliziaren arduraduna zena elkarrizketatuz lortu zuten dokumentalaren egileek Francis ezizeneko horrengana iristea.

1983. eta 1987. urteen artean, 40 bat atentatu egin eta 27 pertsona hil zituen GALek, gehienak Ipar Euskal Herrian. Besteak beste, hildakoen senideen adierazpenak jasotzen ditu dokumentalak.

Dokumentala, 23:30etik aurrera, ETB2n.