Audientzia
Lasa eta Zabalari buruzko saioek audientziaren babesa jaso zuten
A.H.
EITB
'60 Minutos' asteleheneko ordutegi nagusian nabarmendu zen, 316.000 ikus-entzulerekin bat eginez. 'El Dilema'ren emanaldia orain arteko atalik ikusiena izan zen.
Lasa eta Zabalaren heriotzaren 30. urteurrenean, programazio berezia prestatu zuen ETB2k astelehen gauerako, eta audientziaren babesa jaso zuen.
'60 Minutos' asteleheneko ordutegi nagusian nabarmendu zen, 316.000 ikus-entzuleko audientzia metatua lortuz Euskadin eta eragin eremuan. %11,1eko audientzia zatiarekin, katearen bataz besteko datua gainditu zuen. Lasa eta Zabala bahitu eta erahil zituztenetik gaur egunera arteko gertakariak berreraiki zituen '60 Minutos' saio bereziak. Horretarako, kasuaren protagonista garrantzitsuak elkarrizketatu zituzten: Francisco Etxeberria mediku forensea, Jesus Santos fiskala eta Jose Amedo polizia-komisario ohia, besteak beste.
Ondorengo 'El Dilema' saioaren emanaldia orain arteko atalik ikusiena izan zen, %12ko audientziarekin. 194.000 lagunek egin zuten bat saioarekin uneren batean. Juan Carlos Etxeberriak gidatutako solas tarteak, Lasa eta Zabalaren heriotza abiapuntu hartuta, GAL kasuko inplikatuen zigorrak aztertu zituen.
Bi saioak ikusgai daude dagoeneko EiTB Nahieran atarian.