Saio berria
Ana Urrutiak 'Implicada' saioa estreinatuko du gaur, ETB2n
A.E.
EiTB
Lehen saioan, ijitoen komunitatean sartuko da aurkezlea. Asteazken honetan, 22:15ean, ETB2n izango dugu ikusgai.
Euskal Telebistak gaur estreinatuko du 'Implicada' saio berria. Ana Urrutia aurkezleak hainbat komunitatetan, errealitatetan eta jardunetan murgildu beharko du buru-belarri, asteazken honetan hasita.
Lehen saioan, esaterako, ijitoen komunitatea barrutik ezagutuko du. Ana Urrutia ijitoak hobeto ezagutzen saiatuko da. Horretarako, eliza ebangeliko batera joko du, saltzaile ibiltari lanetan arituko da, neska bati ezkontzarako soinekoa erosten lagunduko dio, eta jai flamenko batean parte hartuko du.
SortuMedia etxeak ekoitzi eta María Lópezek zuzendutako programa honek hainbat gai jorratuko ditu datozen asteetan, erotismoa eta lan gogorrak esaterako, eta batzuek irudi jakin bat lortzeko egiten dituztenak erakusten ahaleginduko dira.
'Implicada' saioak benetako Ana Urrutia azaleratuko du. Haren bizitzako abenturari egingo dio aurre bertan, eta bizipenak eta sentsazioak ikus-entzuleekin partekatuko ditu. Edukiez gain, irudiaren kalitatea ere asko zaindu dute saioaren egileek, eta egungo joeren araberako 'look' berezia eman diote.
Erreportajeez eta elkarrizketez harago, programa bizia egiten saiatu dira. Hezur-haragizko pertsonak izango dira protagonistak, eta euren etxeko ateak zabalduko dituzte, baita bihotzekoak ere. Ana Urrutia kide gisa hartuko dute egun batzuetan, eta hainbat esperientzia probatuko ditu: 'pole dance' estiloko dantzari, saltzaile ibiltari, eliza ebangelikoko sinestun eta taxidermista bihurtuta ikusiko dugu.
Aurkezleak, gainera, saioari buruzko bloga izango du eitb.com-en, eta saioan izandako bizipenak kontatuko ditu bertan.
'Implicada' asteazkenen honetan, 22:15ean, izango dugu ikusgai ETB2n.