15:00etan
Seamus Heaney poetaren lanari begira, gaur, 'Sautrela' saioan
EITB
Horrez gain, Joxean Agirre idazleak Adiskide bat nuen eleberria aurkeztuko du.
Aste honetako 'Sautrela' saioan poesia izango dute jaun eta jabe. Izan ere, aurtengo abuztu amaieran hil zen Seamus Heaney poeta handia, Irlandako tradizio poetiko joriko azkeneko katebegia. Poesia garaikideko autorerik garrantzitsuenetakoa da ezbairik gabe ipar-irlandarra: Nobel saria jaso zuen 1995. urtean eta etenik gabe landu du bere genero kutuna, Human Chain (Giza katea) izeneko 2010eko azkeneko bilduma arte. Zoritxarrez, euskaraz ez dago bere lanetik apenas ezer itzulita, Luigi Anselmi eta Patxi Ezkiagak egindako zenbait euskarapen, besterik ez. Haatik, Heaneyren poesiaren zaleak ez dira falta, Antonio Casado da Rocha poeta kasu. Azken honekin eta Ezkiagarekin elkartuko da 'Sautrela' saioa poeta zendu berriaren poesiaren gako nagusiak ezagutzeko. Zer itxura hartzen du gaur egun egiten den poesiak? Edo, behinik behin, ze itxura hartzen du Heaneyren baitan?
Elkarrizketaren atalean, Joxean Agirreren azkeneko nobela izango dute mintzagai, betiko legez, autorearekin. Adiskide bat nuen du izena eta azpeitiarraren zortzigarren nobela da. Agirreren heldutasun literarioari dagokion lana da, autorearen literaturako gai eta ezaugarri printzipalak agertzen dituena: gizon-emakumeen arteko harremanak, sexua, umorea… Adiskide bat nueni buruz, bada, jardungo dira idazlearekin, nobelaren korapiloak argitu nahian.
Beñat Sarasolak, aldiz, iraganeko liburuen errepasoan, gure literaturako nobela gotorrenetako bat ekarriko du gogora: Jon Etxaide-ren Joanak joan. Pierre Topet Etxahun artzain eta koblakariaren istorioa kontatzen digun nobela, klasiko handienetako bat da oraindik ere.
'Sautrela' gaur emitituko da, 15:00etatik aurrera, ETB1en.