Lehiaketa berria ETBn
Gaur bukatuko da ETBko 'Sukaldari' sukalde-saio berrirako castinga
G.U.
Profesionalak ez direnei zuzendutako saioa izango da. Donostiako hautaprobak atzo egin zituzten; Bilbokoak, berriz, gaur izango dira.
Your browser doesn’t support HTML5 video
'Sukaldari' ETBren sukaldeko telerrealitate saio berria izango da, eta Euskal Herriko sukaldari ez-profesional onena bilatzea izango du helburu.
Saioak lehiaketa formatua izango du, eta parte-hartzaileak casting bidez aukeratuko dituzte. Donostiako hautaprobak egin dituzte jada; Bilbokoak, berriz, gaur izango dira, 10:00etatik 14:00etara eta 16:00etatik 19:00etara.
Castingera, sukaldaritza atsegin duen edonor aurkeztu daiteke, profesionala ez bada; saioa ez dago sukaldari profesionalei zuzenduta. Parte hartu nahi duten guztiek gaur ETBk Bilbon duen egoitzara joan beharko dute.
Hautaprobetan parte hartzeko, norberak prestatutako plater bat ekarri, platerean txukun aurkeztu, eta nola prestatu duen azaldu beharko du hautagai bakoitzak. Basque Culinary Centerreko profesional batek dastatuko du platera, eta hainbat galdera egingo dizkio egileari, gastronomia munduari buruz.
Sukaldaritzako zale amorratuak bilatzea da helburua, edozein adinetakoak, gizonezko zein emakumezko. Castingean, besteak beste, hautagaien profila, nortasuna eta sukaldaritzari buruz duten ezagutza hartuko dira kontuan.
Edozein zalantza argitzeko edo informazio gehiago lortzeko, posta elektronikoko helbide bat jarri dugu martxan: sukaldari@eitb.com.
Sukaldean iaioa bazara, eta parte hartzeko gogoa baduzu, zatoz gure castingera!