22:15ean
Munduko gimnastarik onenak, 'Euskalgym 2013' saioan
A.H.
EITB
Bilbon ospatutako Euskalgym gimnasia erritmikoko naziarteko VIII. gala eskainiko du Euskal Telebistak.
Gaur gauean, ETBK kateak 'Euskalgym 2013' saioren lehenengo atala eskainiko du, 22:15etik aurrera. Bilbon ospatutako gimnasia erritmikoko nazioarteko VIII. gala honetan munduko gimnastarik onenek parte hartu zuten. Horien artean, Yana Kudyavtseva errusiarra, sekula izan den munduko txapeldunik gazteena. Aurtengo abuztuan, 15 urterekin, urrezko dominak eskuratu zituen xingola eta mazoekin, eta zilarrezkoak pilota eta uztaiarekin.
Margarita Mamun gimnasta bikaina ere Bilboko saio honetan izan zen. Nazioarteko Federazioaren sailkapenean lehen tokian dago eta bi urre lortu zituen Kieveko munduko txapelketan. Izar handi horiekin batera beste izen handi batzuk: Alina Maksymenko ukrainarra, Melitina Staniouta bielorrusiarra, Silvya Miteva bulgariarra, Viktoria Mazur, Katsiaryna Halkina eta Lala Yusifova, besteak beste.
Kanpotik etorritako gimnasta bikain hauez gain, etxeko taldeek ere parte hartuko dute. Hala nola, Sakoneta, Donostia, Izar Leku, Beti Ritmica eta Ipurua. Bukatzeko, Ortzi Acostak eta David Madinabeitiak prestatutako ikuskizun berezia. Orokorrean hartuta, begirik kendu gabe ikusteko moduko emanaldia.