Itxi

15:00ean

Polizia nobela beltzak aztertuko dituzte gaur 'Sautrela'n

A.H.

EITB

Jon Sarasua idazleak bere azkeneko liburua aurkeztuko du, Hiztunpolisa.

Aste honetan, polizia nobela beltzari buruzko erreportajea eskainiko du 'Sautrela'k. Genero hori da munduan irakurtzen den nobela genero nagusienetakoa, eta generoaren ezaugarrien inguruan arituko dira saioan Txomin Peillen –eleberri beltz ugari idatzitakoa– eta Xabier Olarra –itzultzailea eta Igela argitaletxearen eta bere "Sail beltza"ren arduraduna–. Zein da detektibe nobela eta nobela beltzaren arteko aldea? Ze mundu irudikatzen digu nobela beltzak? Nolakoak dira pertsonaiak?

Bestetik, Jon Sarasua elkarrizketatuko dute bere azken liburuaren karietara. Hiztunpolisa izena du eta Sarasuaren azken urteetako euskararen eta haren egoera soziolinguistikoaren inguruko hausnarketak biltzen dituen saiakera mardula da. Gaiari buruzko Sarasuaren pentsamendua ulertzeko liburu erreferentziala da, dudarik gabe.

Beñat Sarasolak, berriz, erreportajearekin loturik, euskaraz idatzitako lehenengo detektibe nobelatzat jotzen den Jose Antonio Loidi-ren Hamabost egun Urgainen izango du hizpide. Euskal literaturaren historietan salbuespenik gabe aipatzen den nobela da, baina, benetan nabarmentzeko moduko eleberria al da?

'Sautrela' gaur emitituko da, 15:00etatik aurrera, ETB1en.

Informazio gehiago (1)