EiTB Kultura
Musikaren industria eta dantzari gazteak, 'EiTB Kultura' saioan
A.E.
EiTB
Une erabakigarrian dagoen musikaren industria izango dute hizpide aste honetako saioan.
Musikaren industria une erabakigarrian dago. Batzuek krisiaz hitz egiten dute, beste batzuek, berriz, unerik gozoenak bizi dituzte. Gauza bat, ordea, ezin da zalantzan jarri: euskarri digitalak eragiten ari diren aldaketa izugarria. Honi buruz arituko da aste honetan 'EiTB Kultura-Transit' saioa.
Bizkaian izandako BIMEren Live jardunaldi profesionaletan hitz egin dute gaiaren inguruan eta azken musika joerak erakutsi dituzte. 'EiTB Kultura-Transit'eko lan-taldea Scott Cohen The Orchard-eko sortzailearekin egon da. The Orchard munduko zabaltzaile digital handiena da. Horrez gain, Berklee School of Music-eko Stephen Weberrekin, Latinoamerikako jaialdi handien sustatzaile den Alberto Molesekin, euskal promotoreekin eta BIMEko antolatzaileekin hitz egingo dute.
'EiTB Kultura', gainera, Dantzaz taldera hurbildu da. Donostiako taldean dantzari europarrek ibilbide profesionalari ekiten diote. Ane Anza donostirrarekin mintzatuko dira. Dantzari gazteak bi urteko ibilbidea amaituko du taldean. Valentina Pedica Dantzaz-en sartu den italiarrarekin ere egongo dira.
Asteko nobedadeen artean, Javier Rebollo eta Alvaro Gordejuela zinegileek euskaraz egindako Alaba zintzoa thrillerra eta De tal padre, tal hijo film japoniarra aurkeztuko dituzte. Horrez gain, Urtz, Oreka TX eta Esne Beltzaren azken diskoen berri emango dute.
'EiTB Kultura-Transit' gaur gauean izango da ikusgai ETB1en eta, bihar, ETB2n.