Gaur, ETB1en
'Artzainen itzulera Kaliforniara' erreportajea, Julian Iantzirekin
A.E.
EiTB
Berrogei urteren buruan, Kaliforniara itzuli diren euskal artzainen istorioa da.
Your browser doesn’t support HTML5 video
'Artzainen itzulera Kaliforniara' bi ataleko erreportajearen lehen zatia eskainiko du gaur ETB1ek 21:45ean. Berrogei urteren buruan Kaliforniara itzultzen diren euskal artzainen istorioa da hau. Bidaia sentimentala izango da, eta artzain izan ziren hauek beraien bikote edo eta familiarekin egingo dute ibilbidea. Dokumentalaren gidaria Julian Iantzi izango da; bera ere Ameriketan jaio zen, bere aita ere artzain joan baitzen. Los Angelesetik San Franciscora bidaiatuko dute artzain horiek, eta Kaliforniarako itzulera horretan lehen pertsonan testigu izango da saioa.
Oriok ETBrentzat egin duen erreportajean hainbat pertsona eta familia agertuko dira. Etxegaraitarrak, esaterako: Elena, Tomas, Miguel, Dolores eta Maria Josepa. Amaiurrekoak dira eta Chinoko euskal picnic-ean elkartu ziren bostak, aspaldiko partez. Angel eta Martin Apezetxe anaiek, berriz, Amerikan geratu zen Juan Jose anaia bisitatu zuten. Chinoko euskal picnic-ean elkartu ziren hauek ere, 22 urteren buruan.
Monique Berterretx Chinoko Centro Vascoko nagusia ere bidaia honetan ezagutu dute. Horrez gain, Bakersfield-eko Noriega ostatuaz mintzatuko dira zenbait lagunekin: Jean Pierre Daliarekin, Joe Rekondorekin eta Sebastian Minaberryrekin. Minaberry bezala artalde nagusia den Paco Iturririak bere ardiak dituen eremuak erakutsiko ditu.
Melchor Gragirenak, ardi-nagusia hau ere, bere lagun artzainak 60ko hamarkadan euren ardiak egoten ziren eremuetara eramango ditu. Fermin Barazabalek, bestalde, artzain denborako pasadizo bat kontatuko du, Kalifornian uholdeak izan zirenekoa.
Luzio Irisarri Bakersfield-eko Woolgrowers euskal ostatuan sukaldari aritutakoa da, eta bere nagusi izan zen bertako etxekoandreari, Maddi Maitiari, oroigarri bat eskainiko dio. Azkenik, Juan Etxeberria Maya esnetegiko nagusiaren oroitzapena eta testigantza ere ezagutuko dugu.