Gaur gauean
ETAko biktimak izango dituzte ardatz '60 Minutos'ek eta 'El Dilema'k
ETAk armak erabiltzeari utzi zionetik bi urte pasatu diren honetan, biktimen hitzak jasoko ditu '60 Minutos' programak. 'El Dilema' eztabaida saioan egungo egoera aztertuko dute.
Your browser doesn’t support HTML5 video
Bi urte pasatu dira ETAk armak erabiltzeari utzi zionetik eta, ordutik, Euskadin zabaldu den bake prozesuak bere bidea egin du, batzuentzat motelegi diren eta besteentzat arinegi etorri diren pausoak emanda. Gaur gauean, '60 minutos' eta 'El Dilema' saioek egoera barne-barnetik aztertuko dute, hainbat ikuspuntu jorratuz.
'60 Minutos', 22:15ean
'60 minutos' programa ETAk utzitako hainbat biktimarekin jarri da harremanetan, bake prozesuari buruz eta azken bi urteotan jazotakoen inguruan duten iritzia jakiteko. Besteak beste, Estrasburgoko Giza Eskubideen Auzitegiak 'Parot doktrina' indargabetzea erabaki izanak gizartean eztabaida eta iritzi ezberdin ugari sortu ditu.
Rosa Rodero, Joseba Goikoetxea ertzainaren alarguna; Josu Puelles, Eduardo Puelles polizia nazionalaren anaia; Antonio Salvá, Diego Salvá guardia zibilaren aita; Mari Carmen Hernández, Jesus Marí Pedrosa PPko zinegotziaren alarguna; Eulalia Lluch, Ernest Lluch osasun ministroa zenaren alaba; eta María Pilar Linto, Juan Sanchez argiketariaren alarguna. Horien guztien testigantzak jasoko ditu saioak.
Elkarrizketa pertsonalak izango dira, biktimen sentimenduak eta bizipenak jasoko dituzte, eta baita etorkizunaz duten iritzia ere. Zein da euren zeregina edo rola bake prozesuan? ETAk barkamena eskatu behar al die?
'El Dilema', 23:15ean
Juan Carlos Etxeberriak gidatuta, asteleheneko 'El Dilema' saioak egungo egoera aztertuko du, 'Parot doktrina'ren indargabetzea dela eta hainbat preso kartzelatik ateratzearen inguruko iritziak jasoko ditu, eta, halaber, biktimen eta ETAko kideen arteko topaketak jorratuko ditu. Bestalde, biktimen zeregina eta bake prozesuan izan beharreko presentzia hainbat ikuspuntutatik landuko du.
Maixabel Lasa Terrorismoaren Biktimei Laguntzeko zuzendari ohia eta Juan Mari Jauregi ETAk hildakoaren alarguna elkarrizketatuko du Juan Carlos Etxeberriak.
Eztabaidarako mahai-inguruan honako hauek egongo dira: Xabier Etxeberria Mauleon, Filosofian doktorea eta Etika irakaslea Deustuko Unibertsitatean; Josu Ugarte, Bakeaz elkarteko kidea; Jose Vargas, Erakunde Terroristen Biktimen Kataluniako Elkarteko kidea; Xabier Etxeberria, Zuzenbide Penaleko irakaslea, eta Luis Aranburu Altuna, editorea.
Astelehenean, abenduaren 2an, ez galdu '60 minutos' saioa, 22:15ean hasita, eta, ondoren, 'El Dilema' eztabaida saioa, ETB2n.