Itxi

Zinea Gabonetan

Euskal Telebistak zine eskaintza zabala prestatu du Gabonetarako

A.H.

EITB

Euskal zinea, nazioartean arrakasta handia izan duten filmak eta umeentzako animaziozko  zinea izango dira Gabonetako eskaintzaren osagai nagusiak.

Dragoi Ehiztaria

Euskal Telebistak zine eskaintza zabala prestatu du Gabonetarako, eta nazioartean arrakasta handia duten filmak ez ezik, umeentzako animazio zinea eta euskal ekoizpenak eskainiko ditu programazioan. Familiako kide guztiei zuzendutako eskaintza zabala izango da ikusgai, euskaraz eta gaztelaniaz.

ETBk eskainiko dituen pelikulen artean, Robin Hood, Salt eta Sare Soziala film arrakastatsuak daude; eta euskal zinearen ekoizpen esanguratsuak, Bypass, Urte berri on, Amona!, eta Dragoi Ehiztaria, besteak beste.

ETB3k bestalde, umeen oporraldietara moldatuko du bere programazioa eta egunero, goizeko 08:30etik aurrera animaziozko pelikula bat eskainiko du. Gainera, Gabonetako jaiegunetan, (Eguberria, Urte berri eguna eta errege egunean, besteak beste) ETB3ren zine eskaintza arratsaldeko 17:30ak aurrera luzatuko da. Tarte honetan, hainbat film arrakastatsu eskainiko ditu kateak, horien artean:  Ga'hoole: Zaintzaileen kondaira.

Euskal zinea

Gabonen aurretik, eta Bertsolarien Txapelketa Nagusiaren finalaren bezperan, Bertsolari filma estreinatuko du du ETB1ek, abenduak 13an. Asier Altunak sinatutako dokumental honek bertsolaritzaren unibertsoan murgiltzeko gonbitea luzatuko die ikus-entzuleei. Bat-batekotasunaren munduko hainbat aspektu jorratzen ditu lanak, eta sormenaren jatorriaz arituko dira, besteak beste.

Urte berri egunean, Bypass komedia eskainiko du ETB1ek. Bertan gezurrezko maitasun batek korapilatu egingo ditu protagonisten bizitzak. Aitor Mazok eta Patxo Telleriak zuzendu dute pelikula hau, eta , Gorka Otxoa, Barbara Goenaga, Sara Cozar eta Mikel Losada euskal aktore ezagunek jokatu dituzte rol nagusiak. Horrez gain, Urte Berri On, Amona! komedia beltza eskainiko du kateak, eta Mari, amona berezi samarra, zaindu behar duen familiaren gatazkak azalduko ditu. Montserrat Carulla du protagonista, eta berarekin batera Joxean Bengoetxeak, Nagore Aranburuk, Pedro Otaegik  eta Kontxu Odirozolak hartzen dute parte. Telmo Esnal zuzendari gipuzkoarraren bigarren film luzea da.

Bestalde, ETB2ko 'La Noche de…' saioak Dragoi Ehiztaria pelikula estreinatuko du telebistan. Patxi Barkok zuzendutako euskal ekoizpen honek, Asier Hormaza  du protagonista. Felix Linaresek aurkeztutako saioak gainera, Una esvástica sobre el Bidasoa dokumentalaren estreinaldia eskainiko du, Hitlerren ejertzitoak Bidasoaren inguruko lurraldea hartu zueneko garaia azaltzen duen filma da.

Nazioarteko pelikulak

ETB1ek gainera, arrakasta handiko nazioarteko tituluak programatuko ditu Gabonetan, horien artean, Robin Hood. Ridley Scott zuzendariaren pelikulak Russell Crowe aktore ezaguna du protagonista nagusia. Salt pelikulan berriz, Angelina Jolieri espioi izatea egotziko diote  eta  jazarpen gupidagabe baten biktima izango da. ETB2k ere bi pelikulak eskainiko ditu

Bestalde, David Fincherrek zuzendutako Sare Soziala entzutetsua ere ikusteko aukera izango dute ikus-entzuleek urtarrilean. Hiru Oscar sari etxera eraman zituen film honek Facebook sare sozialaren hiru sortzaileen istorioa du hari nagusi. Bertan ezagutuko dugu adiskidetasunaren mugak zeintzuk diren, eta giza elkarrekintza aldakorren eragin nabarmena. Bai ETB1en zein ETB2n izango da ikusgai, eta bigarren kateko emanaldia, sare sozialaren sorreraren hamargarren urteurrenarekin bat egingo du.

Gabonetan eskainiko diren pelikula esanguratsuenen artean, Terminator Salvation filmaren emanaldia da aipagarria ETB2n. Terminator sagaren laugarren atala da, eta Joseph McGinty McG zinegile ezagunaren zuzendaritzapean, Chirstian Bale, Sam Worthington eta Antont Yelchin ikusiko ditugu.

Umeentzako zinea

Animaziozko zine eskaintza zabala izango du ETB3k, umeen Gabonetako oporrak aprobetxatuz. Egunero, goizeko 08:30etatik aurrera, animazio film bat eskainiko du hirugarren kateak:  Piccolo eta Saxo, Scriff: udagau bateko ametsa, Momo, Harri magikoaren bila, Txiolinen hegaldi luzea, Scruff sorginen gauean, Scruffen eguberri ipuina, Atomic Betty: Gabonetako berezia, eta Hariketarren gabon zoriontsuak, besteak beste.

Horrez gain, Gabonetako jai egunetan, abenduak 24 eta 25ean, abenduak 31 eta urtarrilak 1ean, eta urtarrilak 5 eta 6 egunetan, ETB3k zine eskaintza luzatuko du arratsaldeko 17:30etik aurrera. Tarte honetan emitituko diren filmen artean, aipagarriak dira Ga'hoole: Zaintzaileen kondaira, Asterix Galiarra, Barbie eta intxaur hauskailua, Shin Chan Esanziosen eta Doraemon eta Kiboren erreinua.