Itxi

Bertsolaritza

Bertsolari Txapelketako finalari arreta berezia eskainiko dio EiTBk

M.A.

EITB

Euskal Herriko Bertsolari Txapelketako finalak jarraipen zabala izango du EiTBko hedabideetan; telebista, irrati edo Internet bidez jaso ahal izango da ekitaldiaren berri zuzen-zuzenean.

Gaurko Euskal Herriko Bertsolari Txapelketako finalak jarraipen zabala izango du EiTBko hedabide guztietan. BECera joaterik ez duten bertsozaleek telebista, irrati edo Internet bidez jaso ahal izango dute ekitaldi garrantzitsuaren berri zuzen-zuzenean.

Euskal Telebistaren lehen kateak zuzenean eskainiko du Bertsolari Txapelketaren Finala gaur. ETB1eko kamerek, goizeko saioa jarraitzeko asmoz, 10:45etik aurrera egingo dute bat BECeko aretoarekin. Ondoren, bazkalorduaren ostetik, 15:45ean berrekingo zaio emanaldiari. ETB-1ek zuzenean eskainiko du finala Aitzol Barandiaran eta Josu Goikoetxearen eskutik. Ilaski Serrano, berriz, jendartean izango dute elkarrizketan egiten.

Maialen Lujanbio, Aitor Mendiluze, Aitor Sarriegi, Amets Arzallus, Beñat Gaztelumendi, Igor Elortza, Sustrai Colina eta Unai Iturriaga nor baino nor arituko dira 13.500 bertsozaleen aurrean. Zortzi finalistek 25na bertso kantatu beharko dituzte, puntuka, eta buruz burukora heltzen direnen bi bertsolariek, beste 10.

Bestalde, eitb.com BECen, Bertsolari Txapelketa Nagusiaren finalean, izango da gaur, eta bertatik kontatuko du, zuzen-zuzenean, oholtza gainean gertatutako guztia. Hala, goizeko eta arratsaldeko saioen seinalea zuzenean, streaming bidez, eskaintzeaz gain, eitb.com-eko kazetariak BECen izango dira oholtza gainean gertatzen den oro bertatik bertara kontatzeko. Sare sozialetan ere, ahalegin berezia egingo dugu, Txapelketaren nondik norako guztien berri, uneoro, emanez.

Euskadi Irratiak eta Radio Euskadik   jarraipen zabala

Euskadi Irratiko 'Amarauna' magazina ere BECetik bertatik egingo da goizean. Bertsoak, giroa, aditu, Bertsolaze Elkartekoekin elkarrizketak... bete-betea izango da saioa.  14:15ean, berriz, 'Hitza Jolas' tarteak goizeko jardunaren onena eskainiko du eta 16:00etan Uxue Alberdi eta Xabier Sukiak gidatuko dute arratsaldeko emanaldia. Horrez gain, ondoren, protagonisten  prentsaurrekoa emango da. Biharamunean 'Albiste Faktoria'n Maite Artolak, 09:00etan txapeldunari elkarrizketa egingo dio eta 10:00etan Xabier Sukiak saio berezian finalaren onena eskainiko du.

Maider Martin Radio Euskadiko kazetaria BEC-en egongo da eta konexio ugari egingo ditu egun osoan zehar. Horrez gain, bai albistegi eta programetan eduki bereziak prestatu dituzte. 'Más que Palabras' saioan honako gonbidatuak izango dituzte: Xabier Sukia, Beñat Zamalloa, Jon Maia eta Iñaki Murua. Goizeko informatiboan bertso eskolei buruzko erreportaje berezi bat emango dugu, eta Andoni Egaña eta Miren Amuriza elkarrizketatuko ditugu.

Bertsolari finala BECetik zuzenean kontatuko du eitb.com-ek

eitb.com BECen, Bertsolari Txapelketa Nagusiaren finalean, izango da gaur, eta bertatik kontatuko du, zuzen-zuzenean, oholtza gainean gertatutako guztia.

Txapelketan zehar izandakoak Bertsolaritza Txapelketa Nagusiaren webgune berezian jaso ditu eitb.com-ek, eta gaurkoari, finala izaki, merezitako jarraipena egingo dio.

Hala, goizeko eta arratsaldeko saioen seinalea zuzenean, streaming bidez, eskaintzeaz gain, eitb.com-eko kazetariak BECen izango dira oholtza gainean gertatzen den oro bertatik bertara kontatzeko. Sare sozialetan ere, ahalegin berezia egingo dugu, Txapelketaren nondik norako guztien berri, uneoro, emanez.

Hori horrela, egunak emandako argazki gogoangarrienak, sare sozialetako aipamen nabarmenenak eta bertso saio bikainenen bideoak eskainiko ditu eitb.com-ek; eta, noski, txapeldunaren inguruko xehetasun guztiak.

Kontaketa 10:30ean hasiko da. Beraz, gustu duen orok, eitb.com-en du hitzordua.