Itxi

Berria!

Lehiakide ohiak itzuliko dira aurten 'El Conquis'era

Erredakzioa

Eneko Van Horenbeke, Patxi Hernández, Arantxa Iparragirre, Estíbaliz Pinedo, Alberto Cerro León, Metxa Barrera, Diana Cantero, Michel Geeille eta Barbaro Oreste berriz itzuliko dira lehiaketara.

Conquistador del Fin del Mundo-ko lehiakide ohiak

'El Conquistador del Fin del Mundo' lehiaketako taldeetako bat lehiakide ohiez osatuta egongo da aurten. Eneko Van Horenbeke, Patxi Hernández, Arantxa Iparragirre, Estíbaliz Pinedo, Alberto Cerro León, Metxa Barrera, Diana Cantero, Michel Geeille eta Barbaro Orestek ETB2ko saioan berriz parte hartzeko aukera izango dute.

Hamargarren ediziora iritsiko da aurten 'El Conquis' lehiaketa. Hori ospatzeko, hainbat berrikuntza eta sorpresa izango dira edizio honetan. Batetik, badakigu guaranien herriak presentzia berezia izango duela urtarrilean hasiko den saioan. Orain, berriz, lehendabiziko lehiakideen izenak ezagutzen hasi gara. Gehienak oso ezagunak dira, aurretik ere Conquis-en ibili zirelako.

Eneko Van Horenbeke, adibidez, 'El Conquistador del Fin del Mundo' lehiaketako lehen irabazlea izan zen. Getxoko arraunlariak lehen aldiz eraman zuen ikurrina Ushuaiako Les Éclaireurs faroraino.

Patxi Hernandez gasteiztarrak, aldiz, bigarren edizioan hartu zuen parte. Eta finaleraino iristea lortu zuen, nahiz eta aurretik hainbatetan nominatu zuten eta dueluren bat edo beste egin behar izan.

Zizurkilgo Arantxa Iparragirrek zazpigarren edizioan hartu zuen parte, 2011. urteko urtarrilean hasi zen saioan. Zortzigarren atalean kanporatu zuten.

Estibaliz Pinedo, Lapuebla de Labarcakoa da eta seigarren edizioan izan zen lehiakide. Koldoren kontrako duelua galdu ostean alde egin behar izan zuen, 12. saioan.

Alberto Cerro Leon izenez ezagutzen dugu guztiok. Iaz izan zen lehiakide, Blanca Fernández Ochoak gidatzen zuen pumen taldean.

Metxa Barrerak 2011. urtean hartu zuen parte. Argentinan sortu eta Bizkaian bizi den gazteak adore handia erakutsi zuen lehiaketa osoan zehar, baita "El Jefe"-ren aurkako dueluan ere. Ia-ia heldu zen finalera.

Diana Cantero bederatzigarren edizioko puma borrokalarietako bat izan zen. Finaleraino iritsi zen, eta sekulako indarra erakutsi zuen, baina azkenean Oskarrek mendean hartu zuen. Halere, faboritoaren saria lortu zuen.

Michel Geeille sukaldari uruguaitarra ere iazko edizioan aritu zen. Picheen taldean aritu zen, Manu Maritxalarrekin batera, eta tranpetan ibili zirela jakin zen. Ez zen oso argi gelditu istorio ilun hura.

Azkenik, Barbaro Oreste kubatarrak zortzigarren edizioan hartu zuen parte. Kapitainetako bat zen Juan Mari Lujanbiorekin eztabaida gogor bat edo beste izan zuen, eta, azkenean, bosgarren atalean utzi zuen lehiaketa.

Oraingo honetan, indarrean datoz guztiak, aurrekoan egindako papera hobetzeko asmoarekin.

Informazio gehiago (1)