Itxi

23:15ean

'Carrero Blanco, el consejero fiel' dokumentala, ETB2n

A.H.

EITB

Ostiralean, almirantearen hilketaren 40 urte beteko dira, eta ETB2k haren bizitzaren errepaso zehatza egingo du, Kantabriako Santoñan jaio eta ETAk hil zuen arte.

'Carrero Blanco, el consejero fiel' dokumentalaren irudi bat.

ETBko bigarren kateak Carrero Blanco, el consejero fiel dokumentala eskainiko du gaur gauean, 23:15etik aurrera, almirantearen heriotzaren 40 urte beteko diren honetan. Jesus Lopez Jordan zuzendari eta gidoilariaren lanak almirantearen bizitzaren errepaso zehatza egingo du, Kantabriako Santoñan jaio zenetik, ETAk hil zuen arte.

Dokumentalak Carreroren bizitzaren hainbat alderdi zintzoki jasotzen ditu: Armadan egindako ikasketa militarrak, Gerra Zibilean kolpea eman zutenen aldeko jarrera; bere trebetasuna txosten militarrak idazteko eta Francok lan horrengatik eskaini zion konfiantza, eta Masoneria eta komunismoari zion gorrotoa.

Horri buruzko irudiak topatzeko lan handia egin da eta lekuko asko bildu dituzte. Besteak beste, Carlos Fernandez Santander, Javier Garcia de Cortazar eta Charles Powell historialariarenak, Utrera Molina eta Carrillo politikarienak, eta Luis eta Carmen seme-alabenak.

Frankismoaren azken garaian Gobernuko presidente izan zen gizonaren beste alderdi ezezagunak ere  erakutsiko dituzte. Zenbait politikari ezin zituen ikusi ere egin, eta horretaz ere arituko dira dokumentalean. Fraga, esate baterako, liberalegitzat zuen Carrero Blancok, eta horregatik arriskutsua zen, bere ustez. Bere idazle emaria eta marrazkiak egiteko zuen zaletasuna ere ez ziren oso ezagunak. Horrez gainera, prest zegoen aita santuak bera eskumikatzeko Franco babestearren.

Jesus Lopez Jordan zuzendariarekin batera, Ricardo de Gracia errealizadore eta kamera-operadoreak eta David F. Millares eta Macarena Rey produktore eragileek parte hartu dute talde teknikoan.