Itxi

Gaur, 22:15ean

'Bypass' filmaren gaztelaniazko estreinaldia, 'La Noche De' berezian

I.Z

Bilbo

Programa bereziak Bilbo azken urteetan nola aldatu den erakutsiko du, eta Ameriketako Estatu Batuetara joan ziren artzainen historia errepasatuko du.

ETB2k "La Noche de…" saioaren atal berezi bat eskainiko du gaur gauean, 22:15ean, Bypass euskal filmaren gaztelaniazko estreinaldia emateko. Felix Linaresek pelikulako aktoreen eta pelikularen inguruko datu ugari emango ditu. Gorka Otxoa, Barbara Goenaga, Sara Cozar eta Itziar Atienza dira komedia honetako aktoreak.

Filmak Bartzelonan bizi den euskaldun baten, Xabiren, istorio sentimentala kontatuko du. Bartzelonan haurdun dagoen neska-laguna dauka, baina txikitatik lagun duen neska bat hiltzeko zorian dago, bihotzean duen gaitz baten ondorioz, eta Euskal Herrira joatea erabakiko du, lagunaren azken orduak harekin emateko.

Ospitalera heltzean, txikitako beste bi lagunekin egingo du topo. Horiek hilzorian dagoen laguna betidanik berarekin maiteminduta dagoela aitortuko diote, eta onena berak gauza bera sentitzen duela esatea dela pentsatuko du Xabik. Miraria bailitzan, hilzorian dagoen Maria osatzen hasiko da.

Xabik gezur horrekin hasi duen maitasun harreman bikoitz horrekin jarraitu beharko du, eta gezur korapiloa neurririk gabe handituko da.

Filma Bilbon grabatu zuten, eta, hori abiapuntu gisa hartuta, "La Noche de..." saioak hiriak azken urteetan izan dituen aldaketei buruz hitz egingo du, baita bertan egin diren filmei buruz ere.

Bukatzeko, Ameriketako Estatu Batuetara artzain joan ziren arbasoen historia ere kontatuko du Felix Linaresek, eta artzain ezagunena nor den jakingo dugu.

"La Noche de… Bypass", 22:15etik aurrera, ETB2n.

Informazio gehiago (1)