ETB2n, 14:25ean
'Robin Food'ek luxuzko hamaika errezetarekin hasiko du urtea
Hainbat aldiz saritutako patata tortilla prestatuko du Josefina Sagardia Lesakako Kasinoko sukaldariak.
Gabonetan merezitako atsedena hartu eta Olentzerorekin baxoerdiak edaten ibili ostean, inoiz baino indartsuago abiatuko du David de Jorge "Robin Food" saioaren aurkezleak urtea. Sukaldariak amantala gerrian ongi lotuta jarri du eta lapikoak garbi-garbi ditu, 2014ko lehen saioei ekiteko prest.
Datozen asteotarako makina bat errezeta ditu saioak prest, urtarrileko aldapa gogorrari indarrez eta sekulako pozarekin ekiteko.
Ostegunean, behi txuleta handi bat ongi erretzeko sekretuen berri emango digu Martin Berasategi gastronomiaren ministroak.
Goi mailako gonbidatuak izango ditu David de Jorgek datozen asteotan: Josefina Sagardia Lesakako Kasinoko nagusia "Robin Food"en sukaldean izango da. 84 urteko sukaldariak hainbat aldiz saritutako patata tortilla edo, berak deitzen dion bezala, tortilla nafarra, prestatuko du, zuzenean, gas-sukaldean. Egun batzuk geroago, Diego Guerrero azken urteotan Madrilen arrakasta handia izan duen sukaldariburu gasteiztarrak bi errezeta berezi egingo ditu: "Meloia urdaiazpikoarekin" eta "Merken erara egindako izkiratzar cevichea". Ikusi bezala, denetarik eskaintzen du "Robin Food"ek, sukaldaritza tradizionala eta modan dauden jaki abangoardistak.
Azken aldian egin ohi duen bezala, astelehenero baskularekin izango du hitzordua David de Jorgek, txitxien aurka duen guduaren berri izateko asmoz. Gainera, dietarako errezeta berriak aurkeztuko dizkigu: "Hegalaburra eskabetxean", "Mila muxar errea", "Abakando-krema", "Mihia saltsa berdean"... Gabonetako gehiegikeria guztien ostean gorputzari ohiko itxura emateko jakiak.
Ohiko errezetak ere ikusiko ditugu saioan: "Txahal arandoiak", "Legatza lurrunetan eginda", "Ardo gorrian prestatutako masailak", "Ahate patea", "Txahal gibela mahatsarekin", "Suzette krepeak", "Natillak gailetekin"...
Galdu egingo al duzu? "Robin Food", astelehenetik ostiralera, 14:25en, ETB2n. Badakizu, erreserba ezazu tokia telebista aurrean!