Itxi

Itziar Atienzak aurkeztuta

Bost sukaldari amateur ariko dira lehian 'Sukaldari'n

A.H.

EITB

Urduritasunari egin beharko diote aurre saioaren bigarren atalean. 22.15ean, ETB2n.

Iragan arteko estreinaldiaren ostean, 'Sukaldari' saioaren bigarren atala gaur gauean izango da. Sukaldean erronka berriak izango dituzte lehiakideek, baita luxuzko gonbidatua ere: Elena Arzak.

Lehen saioan, Sara kanporatu zuten, eta, orain, Esteban, Nerea, Gorka, Sonia eta Iban lehiakideak arituko dira nor baino nor gehiago. 22:15ean, ETB2n izango dugu ikusgai.

Lehiakideak

Esteban hondarribiarra da besteei apur bat gailendu zaiena, eta bere lekua mantentzen jarraituko du; Nerea bilbotarrak hauskorra dela erakutsiko du berriz, eta haren kideetako batzuk gogaituta sentituko dira; Gorka gasteiztarrak eta Sonia errenteriarrak euren izaera lehiakorrari eutsiko diote; eta, azkenik, Iban zarauztarrak ikasteko duen gaitasuna erakutsiko du beste behin ere.

'Sukaldari' saioko bost lehiakideek badakite inork ez duela arrakasta ziurtatua, akats txikienak ere kolokan jarri baititzake. Ramon Roteta eta Ander Gonzalez irakasleen ebaluazioak eta erabakiak izango dira giltzarriak, zenbait lehiakideren onerako, eta beste hainbaten kalterako.

Probak

Esteban, Nerea, Gorka, Sonia eta Iban lehiakideek baserriko oilasko batekin lotutako abilezia proba gainditu beharko dute, eta ez dute erronka erraza izango.

Probaren balorazioa egiterakoan, eta, ondoren, taldeak osatzean, Nereak ezusteko desatsegina izango du, eta arriskuan jarriko du bere partaidetza. 28 urteko lehiakide bizkaitarrak kirioak dantzan izango ditu, eta saioa uzteko mehatxua egingo du.

Tentsioa eta urduritasuna izango dira nagusi, halaber, taldekako proban. Talde bakoitzak baserriko oilaskoa erabili beharko du bi plater prestatzeko, Ramonen eta Anderren aginduei jarraiki.

Elena Arzak

Amaierako probarako, lehiakideek Elena Arzak ezagutuko dute, "emakumezko chef onena", Veuve Clicquot aldizkariaren arabera. Elenak sukaldean aritzeko kontuan hartu beharreko hainbat jarraibide emango dizkie parte-hartzaileei.

Informazio gehiago (1)