Itxi

ETB1en

Arrate Mardaras bere lehenengo lanaz arituko da gaur 'Sautrela'n

Arrate Mardaras Pendrive ipuin-liburuaz arituko da. Horrez gain, Laura Mintegiren lehenengo eleberria gogoratuko dute: Bai... baina ez. "Sautrela", larunbatean, 15:00ean, ETB1en.

Gaur Arrate Mardaras izango da 'Sautrela'n. Bere lehenengo lanarekin, Pendrive ipuin-liburuarekin, azaldu zen aurreko urtearen hondarrean literaturaren plazara. Gaztetatik literatur zale eta irakurlea izan arren, ez da berrogeita hamar urteak igaro arte zerbait argitaratzera animatu. Liburu berezia da Mardarasena; ipuin solteen bilduma bainoago, bata bestearen alboan eta beste zenbait testu gehigarrirekin batera osotasun bat osatzen duten ipuinak dituzte bertakoak. Amodio istorioak dira denak, Euskal Herriaren historiako aldi ezberdinetan jazotakoak, harpeetatik gaur egunera arte. Maitasunak zer duen aldakorretik eta zer iraunkorretik irakurri ahal izango dugu, beraz, ipuin horien bidez. Liburuari, bere gaztetako inguru literarioari (Pott bandatik gertu ibili izandakoa) eta gustu literarioei buruz jardungo da Mardaras.

Erreportajearen atalean, best-seller-en inguruan jardungo dira. Literatur munduaren baitan sarritan gutxietsiak diren liburu motak dira best-seller-ak. Badira, liburu horien inguruko ezaugarri nagusiak, eta horiek aztertuko dituzte larunbateko 'Sautrela'n. Zerk egiten du liburu bat best-seller? Zertan bereizten dira beste liburuez? Zeintzuk ote dira horien adibide? Bestetik, eta begirada gurera lerratuz, halako liburuek euskal literaturan lekurik ote duten aztertuko dute. Posible al da gure merkatu txiki honetan best-seller-ez hitz egitea? Zeintzuk lirateke? Eta areago, desiragarria ote da gure literaturarentzat eta euskararen normalkuntzarentzat mota horretako liburuak egotea?

Beñat Sarasolak Laura Mintegiren lehendabiziko nobela gogoraraziko du bere tartetxoan. Bai… baina ez titulua ipini zion eta 1986an argitaratu zuen Susa etxeak. Amodio istorio berezi eta aski muturreko bati buruz idatzi zuen orduan Mintegik, pertsonaia gris eta makur samar batzuen bidez. Nahiko liburu irakurri eta eztabaidatua izan zen garai hartan, eta gerora hainbat berrargitalpen izan ditu halaber.

'Sautrela' gaur emitituko da 15:00etatik aurrera ETB1en.

Informazio gehiago (1)