Itxi

Merezitako garaipena

Sonia da 'Sukaldari'ko lehen finalista

Azpizun hojaldrea prestatu zuen Ibanen aurka jokatutako azken dueluan eta garaipena eman zioten Anderrek eta Ramonek. Beraz, 'Sukaldari'ko final handirako lehen txartela eskuratu du.

Sonia Barros

Sonia izan da 'Sukaldari' saioko lehen finaleko garailea. Arma guztiak atera zituen Iban eta Esteban-en aurka aritzeko lehendabiziko faseko azken saio honetan eta Errenteriako tatuatzaileak onena zela erakutsi zien Ramón Roteta eta Ander González irakasleei azken frogan azpizun hojaldrea prestatuta. Horrela, Eroski dendetan erosteko 300 euroko saria eta 'Sukaldari' lehiaketako azken finalerako txartela eskuratu ditu.

Erosketa supermerkatuan

Saio berezi sorpresa batekin hasi zen: hiru lehiakideak erosketetara bidali zituzten. Haragia edo arraina izango zuen aperitiboa eta arrozarekin egindako plater bat egitea zuten xede, baina horretarako behar zutena erosi egin beharko zuten eta 60 euro eman zizkieten. Estebanek eta Soniak patxadaz hartu zuten egoera, baina ez Ibanek; izan ere, beste batzuen ideiekin sukaldatzera ohituta zegoen. Baina beti aurkitzen dela irtenbideren bat erakutsi zuen oraingoan ere eta supermerkatura iristean liburuen sailera joan zen eta Adurizen liburu batetik hartu zituen ideiak: arroz saldatsua eta azpizun karpatxoa.

Estebanek arroza perretxiko eta oilaskoarekin eta olagarroa brasan egitea pentsatu zuen. Eta Soniaren aukera rissottoa eta azpizun karpatxoa izan ziren.

Erosketak egin eta lehen proba honetako platerak prestatu ondoren, irakasleek Iban izendatu zuten garaile; Adurizen arroza primeran prestatu baitzuen. Erabakia ez zen beste bien gustukoa izan eta tranpak egon zirela esan zuten argi eta garbi.

Gauzak honela, bigarren proba tentsio puntu batekin hasi zen. Soniak eta Estebanek irakasleek azaldutako bi plater prestatu behar izan zituzten: bakailaoa pil pilean eta bakailao milojak. Azken unean lortu zuten bi platerak prestatzea. Irakaleek Sonia jo zuten garailetzat.

Azken proba

Azken duelua Ibanek, lehen probako garaileak, eta Soniak, bigarreneko garaileak, jokatu zuten. Barruan produktu ezberdinak zituzten kaxa bana jarri zieten aurrez aurre. Soniari azpizuna tokatu zitzaion eta azpizun hojaldrea egitea pentsatu zuen. Ibani, aldiz, arkume erdia egokitu zitzaion eta arkumea barazki-saltsatan egitea hautatu zuen.

Sukaldean Ruben Trincado, Donostiako Mirador de Ulia jatetxeko sukalde-burua, aurkitu zuten. Euskal gastronomiaren ordezkari onenetako bat da Ruben eta hainbat gomendio eman zizkien bai Soniari bai Ibani. Hala ere, Ibanek arazo bat baina gehiago izan zituen bere platerarekin.

Azken ebaluazio garaian, Anderren eta Ramonen hitzek pixka bat arduratu zuten Sonia, azpizunaren saltsa ez zegoela oso oso ona ez baitzioten. Hala ere, eta asko pentsatu ondoren, Sonia izendatu zuten garaile.

Informazio gehiago (1)