Hamalaugarren atala
Patxi ez zegoen hain sendo eta abentura utzi du Xarpasekin lehiatuta
Xarpasen aurkako duelua galdu egin zuen lehiakide arabarrak, eta modurik txarrenean galdu ere: abentura arazo fisiko batengatik utzita. Manu kanpamentura itzultzea galeraren seinale da jakareentzat.
Beheak eta goiak irensteko asmoz heldu zen bigarren aldiz lehiatuko zuen abenturara, baina, horren ordez, ‘Conquis 10’ saiotik kanpo dago jada Patxi. Xarpasen aurkako duelua galdu egin zuen, eta modurik txarrenean galdu ere: abentura arazo fisiko batengatik utzita. Uretara gaizki salto egin izanak izan zuen errua, kokotsean eta bular partean min hartu baitzuen. Xarpas aurrera zihoala eta aurrea hartzen ziola ikusita, amore eman beste erremediorik ez zuen izan. Gorputzeko minak eta adorerik ezak arabarraren ilusioak zapuztu zituen.
Bere dohain atletikoez harro agertu da beti Patxi, eta benetako indarra erakusteko aukera izan duenean, hutsegite galanta egin du. Xarpas, ostera, dueluko onuraduna izan da. Orioko entrenatzailea zeharo indarberrituta gelditu da bere taldean. Davidek lehian ikusita, koatien artean indartsuen eta ahulen arteko maila agian guztiz aldatu da orain. Berriz izendatzeko ordua iristen zaienean ikusiko dugu.
Manu, burua altxatu ezinik
Burua altxatu ezinik dabil Manu Maritxalar. Egia da Manu ez dela ez abilena ez maltzurrena, eta baliteke haren jokaera onena ez izatea, baina argi dago ez dela zorte handiko gizona, ez behintzat saio honetan. Bere onena ematen du, beti mugara iritsita, baina Patxiri gertutakoa haren zorte txarraren beste erakusgarri bat da. Manu kanpamentura bakarrik itzultzea benetako galeraren seinale da. Eneko bakarrik borrokatzeaz pentsatzen hasi da jada, eta haren hirukoteak ahal duena egingo du unea heltzean Leon jomugan jartzeko. Hurrengo Immunitatearen Jokoa galtzen badute, jakareak desagertzeko zorian egon daitezke.
Jaguareteak, bestalde, kanpamentu aberatsean daude, Paraná ibaiaz gozatzen, baina hondoko itsasoaz. Rebeka taldekide ederrarekin ez dira ondo konpontzen Juanito eta Korta.