Itxi

Zuzeneko emanaldiak

Gaur hasiko da txirrindularitza denboraldia EiTBn

A.A.

EiTB

Belgikako Omloop Van Het Nieuwsblad proba eskainiko da zuzenean 14:20tik aurrera ETBKn eta eitb.com-en.

Txirrindularitza

EiTB taldeak txirrindularitza denboraldia jarriko du abian gaur, Belgikako Omloop Van Het Nieuwsblad probaren emanaldiarekin. 14:20tik aurrera ETBKn eta eitb.com-en ikusgai izango da Ganten jokatuko den lasterketa.

Goi-mailako txirrindularitzaz gozatzeko aukera izango dute zaleek ETB eta eitb.com bidez. Tartean, nola ez, UCI ProTourreko egutegiaren barruan Euskal Herrian jokatzen diren bi lasterketak: Euskal Herriko Itzulia eta Donostiako Klasikoa. Horiekin batera, Italiako Giroa, Kataluniako Itzulia, Milan-San Remo, eta Romandia eta Suitzako itzuliak, besteak beste. Pedro Mari Goikoetxeak, Fermin Aramendik eta Alfontso Arroiok osatuko dute esatari taldea, eta Xabier Usabiaga adituak egingo ditu komentario teknikoak.

Flanders Classics izenarekin ezagutzen diren Belgikako egun bateko klasikoetan lehena da larunbat honetan eskainiko den Omloop Van Het Nieuwsblad. Ondoren, hauek jokatuko dira: Dwars Door Vlaanderen (martxoak 26), Gante-Wevelgem (martxoak 30), Scheldeprijs (apirilak 9), Brabanteko Gezia (apirilak 16) eta Paris-Brusela (irailak 6).

Apirilaren 7tik 12ra bitartean Euskal Herriko Itzulia izango da ikusgai eta abuztuaren 2an Donostiako Klasikoa. Bestalde, Lizarra, Amorebieta-Etxano, Ordizia eta Getxoko lasterketen laburpenak eskainiko dira.

Italian barrera jokatuko diren proben artean erregina Italiako Giroa izango da, maiatzaren 9an hasi eta ekainaren 1ean amaituko dena. Lehenago, martxoaren 12tik 18ra, Tirreno-Adriatico izango da jokoan. Halaber, Strade Bianche (martxoak 8), Roma Maxima (martxoak 9), Milan-San Remo (martxoak 23) eta Lombardiako Itzulia (urriak 5) zuzenean jarraitu ahal izango dira Euskal Telebistan.

Kataluniako Itzuliak (martxoak 24-30), Romandiako Itzuliak (apirilak 29-maiatzak 4) eta Suitzako Itzuliak (ekainak 14-22) osatuko dute emanaldien behin-behineko zerrenda hau.

Informazio gehiago (1)