Itxi

22:15ean

Maitasun olatuak, aste honetako 'Goenkale'n

EITB

Oliver gigolo gazteak (Aitor Merino) Mireia Miranda (Maitena Salinas) modelo ohiaren bihotza gogor astinduko du.

Your browser doesn’t support HTML5 video

'Goenkale' indartuz doa etengabe. Atal berrietan, Aitor Merinok, denon ahotan dabilen Asier eta biok dokumentalaren zuzendariak, 'Goenkale'ko maitasun kontuak asaldatuko ditu Oliverren paperean. Arraldera gigolo moduan iritsi, eta gogor astinduko du Mireia Miranda (Maitena Salinas) ospetsuaren bihotza. Mireia ez da ausartuko, ordea, Oliver bere lagunei aurkezten, eta mutilak hordagoa joko du orduan; harremanaren alde egiten ez badu, joan egingo da Arraldetik.

Kandido eta Alizia ere aldaketa handien atarian daude. Oraintxe dibortziatu dira eta maitasuna ate joka etorriko zaie biei. Alizia Mitxelekin, komisario berriarekin hasiko da, eta Kandido, berriz, Estherrekin, bere aita hil zuenarekin. Baina 'Goenkale'n ezer ez da ematen duena, eta ikuslea harrituta geratuko da oraingoan ere gertaera izugarriekin.

Bitartean, galdera askok jarraitzen dute airean: Iñaki Perurena, 'Goenkale'ko Imanol, berriro izango al da Arraldeko alkatea? Edo iruzur berriren bat asmatuko dute Kepak eta Barbarak, Joseba Apaolazak eta Ane Gabarainek antzezten dituzten pertsonaiek?

Bestalde, Kaietek Juleni egia esatearekin mehatxatuko du Erika. Azkenean, Erika nekatu egingo da eta Juleni egia esango dio. Kaiet haserre bizian jarriko da eta Erika jipoituko du. Halaber, Aitza lo dagoen bitartean, Kepa eta Barbararen inguruko frogak bilatzeko aprobetxatuko du Dorletak; eta oraingo honetan zerbait topatuko du.

'Goenkale' astelehen eta asteartetan egongo da ikusgai, 22:15etik aurrera, ETB1en. Gainera, zuzenean ikus dezakezue internet bidez.

Bideoak (1)

Informazio gehiago (1)