Hamaseigarren atala
Manuk eta Metxak agur esanda, Jakareak iraganeko kontua dira jada
Tristea izan da Jakareen taldea desagertzea. Manuk eta taldekideek nekez ahaztuko dituzte oihanean bizi izandakoak. Ari Koatien kanpamentura bueltatuta, David Secoren taldeak adorea berreskuratu du.
Jakareek abentura honetan ibilbide okerra eta baldarra egin dute, eta, gainera, gertakari arraroren bat ere izan dute tarteko; abenturatik desagertu arte izan dituzten kalamitate guztiak ezin dira ulertu bestela. Azkena, Metxari gertatu zaiona. Ariren aurka irabazteko aukerak zituela uste zuen argentinarrak, baina gora eta behera egiteko tramankuluan katigatu zitzaion sorbalda, eta borrokatik kanpo gelditu zen. Haren kapitainak, Manu Maritxalarrek, ezin zuen sinetsi. "Zer gehiago gerta daiteke?", zioen bere kolkorako. Baina beti gerta daiteke gauza okerragorik, eta aparteko opari hori Julianen bisitak ekarri zien; izan ere, talde moduan desagertu egingo zirela jakinarazi zien. Ondorioz, Manuk abenturari agur esan behar izan dio.
Bizipen ahaztezina Jakareentzat
Boxeolari ohiak eta haren taldeak nekez ahaztuko dituzte oihanean bizi izandakoak. Egoera gainditutzat emateko, gertatutakoaz gogoeta sakona egin beharko dute guztiek; bestela, saio honetako mamua segika izango dute luzaroan.
Bestelako berririk jaso artean, Diana, Eneko eta Leon euren kanpamentuan daude, burumakur eta sentsazio gazi-gozoaz. Jakareei agur esan beharrean daude, baina etorriko dena ondo hartuko dute; izan ere, ezingo da izan orain artekoa baino txarragoa. Hori da behintzat, eurek uste dutena, abentura oraindik ez dela bere gorenera iritsi ahaztuta.
Koatiek adorea berreskuratuko dute
Ari Koatien kanpamentura bueltatu izana ez da nahikoa Fredi joan izana ahazteko, baina adorea berreskuratzeko behintzat balio die David Secoren taldekoei. Pixkanaka, benetako guaranien itxura hartzen doaz, duela egun gutxi ezinezkoa zirudien arren.
Jaguareteen kanpamentuan, bitartean, jaia eta Juanitoren ikuskizuna dira nagusi. Jainkoen mirariak hegoak eman dizkio mendizaleari, eta haren alderik alaiena ezagutu dugu. Itxura guztien arabera, esnatze gogorra izango du gasteiztarrak, baina… zer arraio!