15:00etan
Luis Garde poetari elkarrizketa, gaur, 'Sautrela'n
A.H.
EITB
Erreportajearen atalean errealismo magikoaz arituko dira, duela hamarkada batzuk boladan egon zen literatur korrontea.
Luis Garde poeta irundarrak bere azkeneko lana aurkeztuko du aste honetako 'Sautrela'n: Trenen abiadura. Bi poemaz osatua dago, atariko bat eta beste poema luze bat. Trenak berebiziko garrantzia du poemaren taxueran; alde batetik, ni poetikoaren Bartzelonatik Veneziarako bidaia baten akordua azaltzen da, eta bestetik, ni hori bera etxean ordenagailuaren aurrean, Youtube atarian, Transiberiarraren bidaia baten bideoa ikusten. Bi plano horien elkarreraginetik osatzen da poema, bada. Italiak, Errusiak eta beren kulturek pisu berezia dute, eta baita treneko enkontru amodiozko iheskor batek ere. Luis Gardek sei poema-liburu plazaratu ditu azkeneko hamar urteetan eta bere lanaz arituko da Hasier Etxeberriarekin.
Horrez gain, duela hamarkada batzuk boladan egon zen literatur korronte bat izango du aztergai 'Sautrela'k: errealismo magikoa. XX. mende erdialdean famatu zen literatura mota hori Hegoameriketan nagusiki, eta horren baitan kokatu ohi dira Juan Rulfo eta Gabriel Garcia Marquez idazle handiak, esate baterako. Finitu al da literatura mota hori? Ba al da egun harekin erka daitekeen idazle edo obrarik? Ze punturaino izan zen bolada puztu bat? Eta euskal literaturari dagokionez, esan al daiteke errealismo magikoak eraginik izan duenik?
Amaitzeko, Beñat Sarasolaren berrirakurketan 90. hamarkadako nobela esanguratsu bat izango dugu hizpide: Aingeru Epaltzaren Ur uherrak. Funtsean Nafarroako ipar-ekialdeko herrixka batean lekututako istorioa, bortizkeria mota askoren erretratu gupidagabea da nobela hori, euskara aski landu eta berezian ondutakoa.
'Sautrela' gaur emitituko da 15:00etatik aurrera ETB1en.