Gaur
Titin III-Merino II / Irujo-Barriola, zuzenean, ETB1en eta eitb.com-en
Zuzeneko emankizun zerrenda Laboral Kutxa-Fiatc Joventut saskibaloi partidak eta Roma Maxima txirrindularitza probak osatuko dute.
Gaur Logroñoko Adarragan jokatuko den Binakako Txapelketako neurketa zuzenean eskainiko dute ETB1ek eta eitb.com-ek 17:00etatik aurrera: Titin III.a eta Merino II.a, Irujo eta Barriolaren aurka. Jaialdia beste bi partidekin osatuko da: atarikoa, Apezetxea-Cecilio / Aritz Lasa-Larrinaga, eta hirugarrena, Mendizabal III-Tolosa / Victor-Untoria. 19:30ean ETBKn ikusi ahal izango da emanaldia. Esatariak Xabier Euzkitze, Joxan Tolosa eta Koldo Aldalur izango dira.
Zuzeneko beste bi kirol emanaldi egingo dituzte Euskal Telebistak eta eitb.com-ek igandean. 12:15ean, ETB1en, Endesa Ligako Laboral Kutxa-Fiatc Joventut, Gasteizko Buesa Arenatik, Asier Arangurenen, Josean Aldalurren eta Juan de la Vegaren eskutik; 13:35ean, ETBKn, Roma Maxima txirrindularitza lasterketa, Alfontso Arroioren eta Xabier Usabiagaren kontakizunarekin.
Pilotaren atarian, 16:00etan, herri kirolen tartea zabalduko du ETB1ek. Goizean Tolosan Olasagasti eta Arria V.a aizkolarien jokatutako desafioaren berri emango dute Koldo Aldalurrek eta Joxe Etxebestek.
19:30ean, Mikel Olazabalek gidatutako 'Gol Festa' saioa izango da ikusgai. Lehen Mailako 27. jardunaldiaren errepaso zabala egingo dute bertan. Valentziak eta Athleticek gaueko bederatzietan jokatuko duten neurketaren laburpena egiteko 22:50ean itzuliko da saioa.
Bestalde, ETBKn, emakumezkoen gomazko paletako Euskadiko txapelketa eskainiko da 11:30ean, eta Altadill-Imanol / Zubiri-Larrinaga pala partida 20:15ean. Iñigo Aiestaran izango dugu berriemaile bi emanaldietan; lehendabizikoan Maider Mendizabal lagun duela, eta bigarrenean, berriz, Iñigo Oiartzabal.