Bilboko Plaza Barrian
'Bokatonada' erraldoia, apirilaren 23ra atzeratu dute
EiTB
David de Jorgek eta Aimar San Miguel 'Masterchef Junior' saioko lehiakideak hiru bokata osasungarri, ezberdin eta dibertigarri egiten erakutsiko dute. Apirilaren 23an izango da, Bilboko Plaza Barrian.
Larunbat honetan, Bilboko Plaza Barrian, David de Jorge sukaldariak eta Aimar San Miguel 'Masterchef Junior' saioko lehiakideak egin behar zuten 'Bokatonada' erraldoia apirilaren 23ra atzeratzea erabaki dute, astebururako iragarrita dagoen eguraldi txarra dela eta.
Beraz, orain ohikoak diren beste merienda batzuen aurrean betiko merienda sustatzeko egingo den ekitaldia apirilaren 23an ospatuko dute, ETB2ko 'Robin Food' saioaren eta Bilboko Alde Zaharreko Merkatarien Elkartearen eskutik. David de Jorge sukaldariak eta Aimar San Miguel 'Masterchef Junior' saioko lehiakideak hiru bokata osasungarri, ezberdin eta dibertigarri egiten erakutsiko dute.
Ekitaldia Jon Gomez aurkezleak gidatuko du, eta David de Jorgek asmatutako bokatak egingo dituzte, gustu guztiak asetzeko modukoak: lehenengoa, Philadelphia krema, york urdaiazpikoarekin eta txorizo pamplonarekin; bigarrena, Nocilla platano-xerrekin; eta hirugarrena, patea mortadela olibadunarekin.
Bokatak egiteko osagaiak Erriberako Merkatuak jarriko ditu eta ogia, berriz, Bizkarra okindegi sareak. Ekitaldia hasi aurretik, parte-hartzaile bakoitzari osagaiak banatuko zaizkio eta lekua emango diote mahaietan. Bertan, David de Jorgeren argibideak jasoko dituzte bokata egiteko. Gainera, bokata bakoitza identifikatzeko txartelak emango dizkiete, eta, horiek jan ostean, gustukoen dutena hautatu ahalko dute. Bozketa horretatik aterako da 'Robin Food' bokata.