22:15ean, ETB2
Finalerako hirugarren lehiakidea aukeratuko da, gaur, 'Sukaldari'n
J.B.
EiTB
Saio bereziaren irabazleak finalerako txartela eskuratuko du, eta Sonia (lehenengo faseko irabazlea) eta Aitor (bigarren faseko irabazlea) izango ditu aurkari.
Gaur gauean, 'Sukaldari' saioko programa berezia eskainiko du ETB2k, eta lau lehiakidek finalerako txartela eskuratzeko bigarren abagunea izango dute. Saio bereziko irabazleak, 'Sukaldari'ko finala jokatuko du Sonia lehenengo faseko garailearen eta Aitor bigarren faseko irabazlearen aurka.
Lau lehiakideak
Iban eta Nerea (lehenengo faseko lehiakideak) eta Afrika eta Anane (bigarren faseko lehiakideak) finalerako txartela lortzeko lehian arituko dira. Ibanek, Zarauzko arraunlariak, lehenengo faseko finala galdu zuen Soniaren kontra, baina bere gaitasuna berriz ere erakusteko aukera izango du 'Sukaldari'n. Nerea bilbotarra Basque Culinary Centerreko sukaldera itzuliko da, Estebanek ezin izan baitu saio berezi honetan parte hartu, arrazoi pertsonalak tarteko. Gainera, Afrikak eta Ananek, bigarren faseko finalistek, Anderri eta Ramoni euren gaitasuna erakusteko beste aukera bat izango dute. Nork irabaziko du? Nor izango da hirugarren finalista? Emozioa izango da nagusi.
Probak
Eguneko aurreneko proba Eroskin hasiko da, eta zorteak amantalen koloreak eta errezetak erabakiko ditu. Proba honen ostean, Ramonek eta Anderrek eguneko aurreneko kanporatua nor izango den erabakiko dute. Horrela, bigarren proba hiru lehiakidek bakarrik egingo dute. Pepe Barrena gastronomia kritikariak lagunduko die Ramoni eta Anderri proba hau epaitzen. Hiru adituek bigarren kanporatua nor izango den erabakiko dute, eta, ondoren, buruz burukoa jokatuko dute azken bi lehiakideek.
Azken proban, lehiakideek postre bat egin beharko dute. Sukaldariek teknika ona erakutsi beharko dute txokolate zuriz eginiko 'brownie' bat sortzeko.
Luis Irizar
Azken probako gonbidatu berezia Luis Irizar maisua izango da. Luis Irizar Ramonen eta Anderren maisu izan zen; beraz, hor ere, emozioa izango da seguru.
'Sukaldari', gaur, 22:15ean, ETB2n.