Itxi

Ipar Euskal Herria

Udal hauteskundeen inguruko saio berezia, Baionatik zuzenean, ETB1en

A.H.

EITB

EiTBk jarraipen berezia egingo dio Frantziako udal hauteskundeen bigarren itzuliari Iparraldean.

Hauteskundeak

Euskal Irrati Telebistak jarraipen berezia egiten dio, martxoak 30, Ipar Euskal Herrian eta oro har, Frantzian ospatuko diren udal hauteskundeen bigarren itzuliari.

Aurreko egunetan bezala, igandean ere, Nerea Olaso, Guillaume Irigoyen eta Franck Dolosor kazetariek hauteskundeen berri eskainiko dute 'Gaur Egun' eta 'Teleberri' albistegietan. Igande eguerdian Hendaiatik, eta gauean, Baionako udaletxetik ariko dira zuzenean emaitzak eskaintzen. Horrez gain, ETB1ek Lapurdiko hiriburutik zuzenean albistegi berezia eskainiko du, 21:45etik aurrera. Baiona eta Hendaiako alkate aukeratu berriak eta hautagai nagusien erreakzioak jasoko ditu albistegi bereziak, eta Eguzki Urteaga EHUko soziologia irakasleak, emaitzak eta analisiak aztertuko ditu. Bestalde, Xabier Madariaga korrespontsalak Frantziako emaitzak laburbilduko ditu Parisetik zuzenean.

Hauteskundeen biharamunean ere luze eta zabal aztertuko dira hauteskundeen emaitzak zuzeneko konexioak eginez ETBko albistegietan, 'Egun On Euskadi 'eta 'Azpimarra' saioetan.

Euskadi Irratian eta Radio Euskadin jarraipena

Bestalde, Andoni Lizeaga kazetariaren eskutik, Euskadi Irratiak eta Radio Euskadik ere gertuko jarraipena egingo diote egunero Ipar Euskal Herriko tokiko hauteskundeei. Igandean zuzeneko konexioak egingo ditu Lizeagak euskaraz eta gaztelaniaz. EiTBko hedabideetan nabarmentzen da besteak beste, Baionan eta Biarritzen alkate berriak izango dituztela.

eitb.com

eitb.com-ek ere jarraipena egingo die albiste eta bideoen bitartez udal hauteskundeei. eitb.com atarian gertutik jarraituko da bigarren itzulia, eta Iparralde zein Pariseko kazetarien twitter bidez zuzeneko jarraipena egingo da. Albiste, analisi, bideo eta emaitza nagusiak Albisteetako orrian jasoko dira.

Informazio gehiago (1)