Itxi

Audientzia

Euskal Telebistak %13,6ko audientzia zatia lortu du hiruhileko honetan

A.H.

EITB

Albistegiek audientzia lidergoa mantedu dute, eta urteko estreinaldien artean nabarmentzekoak dira 'El Conquistador del Fin del Mundo'k ETB2n eta '6 Argazkitan' saioak ETB1en izan duten harrera ona.

Euskal Telebistak %13,6ko audientzia zatiarekin itxi du urteko lehenengo hiruhilekoa, joan zen urteko epe berean lortu zuen emaitza gaindituz. ETB2 Euskadiko bigarren katerik ikusiena izan da 2014ean, eta %10eko audientzia zatia lortu du hiruhileko honetan. ETB1ek, bestalde, %2ko audientzia izan du, ETB3k %0,8 eta ETBK Sat-ek ere datu bera, %0,8.

Horrez gain, Euskal Telebistako albistegiek euren nagusitasuna indartu dute. 'Teleberri' albistegirik ikusiena izan da Euskadin, eta %18ko audientzia zatia lortu du lehenengo hiruhilekoan. Bataz beste, 141.000 ikus-entzulek jarraitu dute 'Teleberri' egunero, eta 255.000 ikus-entzuleko audientzia metatua lortu du Euskadin eta eragin eremuan.

Urte honetako estreinaldien artean, 'El Conquistador del Fin del Mundo' realityaren hamargarren edizioaren arrakasta nabarmendu behar da. Izan ere, 461.000 ikus-entzuleko audientzia metatua lortu du saioak asteburuan. Horrez gain, igandeko ordutegi nagusian audientzia buru izateari eutsi dio: pelikularen emanaldiak %19,1eko audientzia zatia izan du eta ondorengo debateak %20,5.

Bestalde, Pedro Mari Goikoetxeak ETB1en aurkezten duen '6 Argazkitan' elkarrizketa saioak harrera oso ona lortu du. Ikus-entzule euskaldunen artean, %4,7ko audientzia zatia bereganatu du eta 99.000 ikus-entzuleko audientzia metatuarekin itxi du hiruhilekoa. Xabier Amuriza bertsolariaren bizitza errepasatu zuen saioak izan zuen arrakastarik handiena: %6,9ko audientzia zatia lortu zuen euskaldunen artean, eta 129.000 ikus-entzuleko audientzia metatua.