Itxi

15:00ean

Beat belaunaldiari buruzko erreportajea, gaurko 'Sautrela'n

A.H.

EITB

Horrez gain, Danele Sarriugarte elkarrizketatuko du Hasier Etxeberriak eta Errailak bere opera primaz arituko dira.

Ehun urte bete berri dira William Burroughs idazle estatubatuarra jaio zela. 1914ko otsailaren 15ean jaio zen Missouri-n eta urte luzez bizi izan zen, batez ere bere testuek zein biografoek azaltzen duten bizimodu muturrekoa bizi izan zuela kontuan izaten badugu. Urtetan bazterreko idazlea izan zen, eta oraindik ere neurri batean hala da, baina mundu zabalean aski irakurria den autorea ere bada oraindik, Naked Lunch (Bazkari biluzia) edo Junkie liburuei esker besteak beste. Beat belaunaldia deritzoneko izen garrantzitsuenetakoa dugu, eta hala, 'Sautrela'ren ondaretik belaunaldi hari buruzko erreportajea berreskuratuko dute aste honetan. Han azalduko dira, besteak beste, Jack Kerouak, Allen Ginsberg eta Burroughs bera.

Elkarrizketaren alorrean, Danele Sarriugarte izango da gonbidatu. Igartza bekari esker bere opera prima argitaratu du Elkar etxean: Erraiak. Debut azpimarragarria, irakurlea hotz utziko ez duena. Barne ahots baten indarraz ehundutako liburua, erraietatik sortua ez ezik erraietara ailegatzen dena. Apustu literario eta estetiko nabarmena ageri da bere orrialdeetan. Hari buruz arituko dira Sarriugarterekin, baina baita bere literaturaren ikuspegiaren inguruan,  eta beste kontu batzuen gainean ere.

Amaiera aldera, Beñat Sarasolak liburu berezia ekarriko du gogora: Sebastian Salaverria-ren Neronek tirako nizkin. Salaverria bertso jartzaile moduan izan zen ezaguna batez ere, baina 1964an liburu horrekin plazaratu zen euskal letretara. Autobiografikotik ugari duen nobela, kontakizunaren zati handiena 1936ko gerrak hartzen du, non Salaverriak faxisten bandotik narratzen duen.

'Sautrela' gaur emitituko da, 15.00etatik aurrera, ETB1en.