00:15ean
'Pakea Bizkaia. Antartikara espedizioa' dokumentala, gaur, ETB2n
A.E.
EiTB
Unai Basurkoren dokumentalaren lehen zatia apirilaren 17an izan zen ikusgai, eta bigarrena, gaur izango da, ETB2n.
Unai Basurko nabigatzailearen eta Maite Iturbe EiTBko zuzendari nagusiaren arteko lankidetza hitzarmena sinatzeko ekitaldiari esker, Pakea Bizkaia. Antartikara espedizioa dokumentala izango da ikusgai ETB2n.
Pakea Bizkaia. Lehiaketatik Hezkuntzara eta Pakea Bizkaia. Groenlandia-Ternuara espedizioa dokumentalak egin ostean, gizarte-hezkuntza proiektuak Pakea Bizkaia. Antartikara espedizioa aurkeztu du.
Pakea Bizkaia. Antartikara espedizioa dokumentalak Unai Basurko nabigatzaile profesionalaren proiektuaren hirugarren espedizioa bildu du. Bi ataletan banatuta eskainiko da ETB2n: apirilaren 17an eskaini zen lehen zatia, eta gaur gauean izango da ikusgai bigarren zatia.
Dokumental-sailaren azkenekoa da hau, eta Unai Basurko buru duen proiektuaren hirugarren espedizioa jaso da bertan. Tripulatzaileek beren inpresio, sentsazio eta esperientziak azaldu zituzten itsas ibilaldian idatzi zituzten blogen bidez. Kontakizuna oso aberasgarria da, eta ikusleari ontziko bizitzaren joan-etorriak helarazten dizkio, eskarmentua duten nabigatzaileen eta eskarmenturik ez dutenen arteko bizipenak nahastuz. Horien artean, Euskal Herriko Unibertsitateko (EHU) hainbat ikasle gazterenak eta Kepa Acero surflariarenak bildu dituzte.
Ikusleak tripulatzaileekin batera egingo ditu sei hilabetetan nabigatutako 14.000 miliak, Bilbotik Antartikara, 65 graduko hego-latitudera, Galizia, Kanariak, Cabo Verde, Argentina, Txile, Uruguai eta kontinente zuriko zenbait portutan geratuta. Bidaian 20 tripulatzaile ontziratu ziren (nautika ikasleak, kamerariak, biologoak, eskarmentu handiko marinelak eta hezitzaileak) 8-9 pertsonako taldetan banatuta egin ziren etapetan. Abenturan Kepa Acero surflariak ere parte hartu zuen, Antartikan olatu bat hartzeko helburuarekin. Izugarrizko paisaiak, bioaniztasuna, euskal diasporaren harrera beroa, elkarrizketak, Pakea Bizkaia ontziaren gizarte-hezkuntza lanaren zabalkuntza eta Vendée Globe proban parte hartzen zuen Bernard Stamm nabigatzaileari emandako laguntza bildu dituzte dokumentalean.
Pakea Bizkaia. Antartikara espedizioa dokumentalaren bitartez, ikuslea nabigazioaren munduan murgiltzen da erabat, eta talde-lana, elkartasuna, elkarbizitza eta esfortzua nabarmentzen dira bertan.
Gaur gauean, ez galdu Pakea Bizkaia. Antartikara espedizioa dokumentala, 00:15etik aurrera, ETB2n.