Gaur
Euskal pertsonaien bilduma dakarkigu 'Herri People' saio bereziak
A.A.
EiTB
Ogibide ezberdinetan diharduten zortzi euskal herritarren istorioak ezagutuko ditugu Ibon Gaztañazpiren eskutik, gaur, 23:00etatik aurrera, ETB1en.
Your browser doesn’t support HTML5 video
'Herri People' izeneko saio berezia eskainiko du ETB1ek gaur gauean, 'Tribuaren Berbak' saioaren ostean. Bertan, euskal pertsonaien bilduma osatuko du Ibon Gaztañazpik. Ogibide ezberdinetan aritzen diren zortzi herritarren istorioak ezagutzeko parada izango dugu.
Euskal Herria osatzen duen jendearen bizitza eta arima erakusten saiatuko da Ibon Gaztañazpi 'Herri People' saioan. Albistegietan ateratzen ez diren herritar askok osatzen dute Euskal Herria. Gizonak zein emakumeak, gazteak edo ez hain gazteak, gipuzkoarrak, nafarrak... Kontatzeko asko duten lagunak, bizimodua ateratzeko modu ezberdinak dituztenak. Horiei guztiei tartetxo bat zabalduko die 'Herri People' saioak.
'Herri People' saioko protagonistetako batzuk Julia Barberena eta Pablo Arzuaga okin nafarrak eta Jose Luis Tapia kontrabandista izandako oiartzuarra izango dira. Bestalde, Hondarribiko saregileen eta arrantzaleen bizimodua nolako den erakutsiko digute Ima Goikoetxeak, Maria Jesus Sistiagak eta Luis Goikoetxeak.
Jabi Jimeno Oiongo lanperna bilatzailea dugu, eta Pabi eta Irati Astondoa Arratiako aita-alabak, berriz, baserriko lanetan ez ezik, sega kontuetan ere primeran moldatzen direla ikusiko dugu.
Aia herrira ere hurbilduko da 'Herri People' saioa, kotxe lasterketetan eta rallyetan ibiltzen diren bi mutil gazte ezagutzera: Gorka Aizmendi eta Aritz Olasagasti. Arabako Murgia herrian, artzain-txakurrak hezten dituzten klinika bat dago. Ander Gardeazabal bertako arduradunarekin hitz egingo du Ibon Gaztañazpik.
Amaitzeko, Andres Emazabel, Patxi Amunarriz eta Edurne Salaberriarekin berdel bila aterako da 'Herri People' saioa, gaur, gaueko hamaiketan, ETB1en.