Itxi

22:15ean

'Implicada' saioaren atal berriak, gaurtik aurrera, ETB2n

A.E.

EiTB

Lehen atal honetan, Ana Urrutia gaueko giroan eta bizitzan murgilduko da eta, gaua bizi duten hainbat lagunen konpainian, ordu horietako giroa erakutsiko digu.

Gaur gauetik aurrera, Ana Urrutiaren 'Implicada' saioa izango dugu berriro ETB2n. Hasteko, Ana Urrutia gaueko jai-giroan murgilduko da. Gaua bizi duten hainbat lagunen konpainian, ordu horietako giroa erakutsiko digu. Tabernaz taberna Donostian tragoxkak hartuko ditu kuadrilla batekin. Horrez gain, Bilboko diskoteka ezagun bateko aparkalekuan kale-edana egiten dutenekin egongo da. Drogak, alkohola eta sexua dira nagusi giro horretan. Ondoren, Bilboko Mao Mao Beach diskotekara limusina batean joateko, etxean prestatu eta makillatu diren hiru neska gazterekin ere ikusiko dugu. Anak diskotekan DJ lana egingo du eta dantzan arituko da gelditu gabe.

Hurrengo atalean, Ana Urrutiak kirol medikuntzan aditua den mediku baten azterketa pasatuko du erronka berriei aurre egin aurretik, bere adrenalina maila neurtzeko. Zumarragako errekortarien laguntzaz, bigantxa bati aurre egingo dio. Kaikuren traineruan ere jardungo da, Korta patroi duela. Zinemako espezialista biren eskutik, trikimailu batzuk ikasiko ditu: arnes batekin lotuta kotxe batetik arrastaka ibili eta bere burua sutan balego bezala ikusiko dugu.

Hirugarren saioan, Ana Urrutiak hainbat lan estresagarri probatuko ditu. Lan gogorrei aurre egiteko duen gaitasuna ikusiko dugu. Batetik, neskatila lanean ariko da Bermeon, arrainak kargatuz, deskargatuz eta enkantean salduz. Horrez gain, Ander Gonzalez sukaldari ezagunaren sukaldean platerak banatuko ditu, eta jakiak eta postreak prestatzen arituko da ziztu bizian. Peoi lana ere egingo du; morteroak prestatu eta obra-hondakinak deskargatzeaz gain, bere bertigoari aurre eginez, aldamio batera igoko da. Azkenik, trebatzaile baten laguntzaz, zakurrei jardun ezberdinak erakutsiko dizkie: miaketa, obedientzia eta defentsa.

'Implicada' gaur izango da ikusgai, 22:15ean, ETB2n.