Itxi

Final handia

'El Conquistador' saioaren final handia, gaur eta bihar

EiTB

Gaur aurtengo hirugarren finalistaren izena jakingo dugu. Igandean, berriz, zuzenean izango da Final Handia, eta irabazlea nor den jakingo dugu.

Eneko eta Sheila azken dueluan

Asteburu honetan, "El Conquistador del Fin del Mundo" saioaren final handia izango dugu, bi saiotan. Gaur, Patxi Alonsok gidatuko duen 'El Conquis' saio berezi batean, hirugarren finalistaren izena jakingo dugu; Sheila edo Eneko, Eneko edo Sheila, bietako bat iritsiko da finalera. Eta igandean, Final Handia izango da, zuzenean Donostiako egoitzatik, Julian Iantzik aurkeztuta eta lehiakide guztiak bertan direla.

Final bikoitz hau larunbatean hasiko da, 22:00etan. Patxi Alonsok gidatuko duen debate berezian, San eta Irenerekin batera finalean egongo den pertsonaren izena jakingo dugu. Sheila edo Eneko, bietako nor iritsiko da gorago? Biek ala biek bost minutuko epea izango dute izotzezko horman gora egiteko, eta denbora hori joan ostean goren dagoenak jokatu ahal izango du finala. Kanporatu hori izango da 'El Conquis' saio berezi honetako protagonista nagusia.

Horrez gainera, azken jokoaren hainbat aurrerapen ikusi ahal izango dira larunbatean, esklusiban.

Aurreko bederatzi edizioetako hainbat irabazle izango ditugu Donostiako platoan, eta Julian Iantzi ere azalduko da bisitan. Eta 'Conquis' saioan adituak diren ohiko kolaboratzaileak ere bertan izango dira: David Seco, Manu Maritxalar, Gotzon Mantuliz, Isa Landa eta Rebeka Santamaría.

Final handia, igandean

Igandean, Julian Iantziren txanda izango da. Donostiako estudioetatik, eta zuzenean, 'El Conquistador del Fin del Mundo' saioaren aurtengo finala ikusi ahal izango dugu. Azken gala honetan jakingo dugu aurtengo edizioko 20.000 euroko saria norentzat izango den.

Bertan izango dira aurten parte hartu duten lau kapitainak eta abentura hasi zuten 28 lehiakideak. Horiekin batera, han izandako unerik onenak eta okerrenak errepasatuko ditugu, eta jarraitzaileen faboritoa edo gogokoena nor den jakiteko lehian aurrera egingo dugu.

Informazio gehiago (1)