Programazio berezia
Gasteizko Santa Maria katedralaren berrirekitzea EiTBn
A.H.
EITB
Euskal Telebistak bi erreportaje berezi eskainiko ditu gaur gauean, Vitoria-Gasteiz, capital singular eta Abierto por obras, eta igandean meza emango da zuzenean katedraletik.
Igande honetan, Gasteizko Santa Maria katedrala elizkizunak eskaintzeko zabalduko dute berriro. Gasteizko gotzainak zuzenduko du azken hogei urteotan katedralak ospatuko duen lehen meza, eta ETB2k eta Radio Vitoriak zuzenean eskainiko dute. Euskal Telebistak, gainera, programazio berezia prestatu du gaur gauerako. '60 Minutos' saioak Vitoria-Gasteiz, capital singular erreportaje berezia eskainiko du, eta, ondoren, Abierto por obras dokumentalak katedrala berreraikitzeko prozesuan murgilduko ditu ikus-entzuleak.
Santa Maria katedraleko meza
Mendekoste egunean, ekainaren 8an, ETB2k zuzenean eskainiko du meza, 12:00etatik aurrera. Katedrala berriz irekitzeko mezak jaiegunetako ohiko gidoia izango du, eta, horrez gain, katedralaren aldare berriaren garapena erakutsiko du, hitzaren liturgiaren eta eukaristiaren artean. Mezak bi ordu iraungo duela aurreikusi dute.
Miguel Asurmendi Gasteizko gotzainak zuzenduko du eukaristia. Berarekin batera, hauek egongo dira: Fracisco Perez, Iruñeko artzapezpikua; Jose Maria Setien eta Juan Maria Uriarte, Donostiako gotzain emerituak; Juan Ignacio Arrieta, Arabako gotzaina; Mario Iceta, Bilbokoa; Juan Antonio Aznarez, Iruñeko laguntzailea; eta Santiago de Wit eta Javier Gonzalez, Nuntziatura apostolikoaren bi ordezkariak.
Radio Vitoriak ere zuzenean eskainiko du elizkizuna. Txema Diez Unzuetak aurkezten duen 'Alguien te está escuchando' irratsaioa katedraletik bertatik emango dute igandean, eta elizkizunaren aurreko nondik norakoen berri emango du 10:00etatik aurrera.
'60 Minutos' gaur, 22:30ean
Ekainean, Gasteizko Santa Maria katedrala elizkizunak egiteko zabalduko dute berriro, baina horrez gain, Gasteiz, 2014ko Gastronomiaren hiriburua izendatu dute. Green Capital titulua ere irabazi zuen 2012an, eta Añanako Gatz Harana gizon-emakume guztion ondare bihurtzeko atarian geratu da. '60 Minutos' saioak ekitaldi eta titulu horien guztien inguruko xehetasunak ezagutu nahi ditu, eta, gasteiztar ezagunen eskutik, hiriaren sekretu guztiak emango ditu ezagutzera.
Toti Martinez de Lezeak Santa Maria katedralean barrena gidatuko ditu saioaren kamerak. Hiriko punturik altuena bertan dago, eta nazioartean ospe handiko idazleak inspiratu ditu, besteak beste, Ken Follet idazle ospetsua. Toti Martinez de Lezea ere eraikin honen historian murgildu da bi eleberri girotzeko.
Gaizka Toquero Athleticeko futbolariak eta Radio Vitoriako 'El Madrugador' saioko Roberto Flores eta Ivan Pascual kazetariek hiria inguratzen duen Eraztun Berdea ezagutzera eramango gaituzte. Halaber, Fernando Albizu aktoreak hiriko bere tokirik gustukoenak erakutsiko dizkigu. Bestalde, '60 Minutos' saioak Añanako gatzaga bisitatuko du Josu Feijoo astronautarekin eta boilur beltzen bila joango da Vanessa Sanchez ETBko kazetariarekin.
Abierto por obras
Ondoren, Abierto por obras dokumentala estreinatuko du ETB2k. Bertan, Santa Maria katedrala zaharberritzeko prozesua ezagutuko dute ikus-entzuleek.
Katedralak 1994an itxi zituen ateak, egitura arazoak medio. Zaharberritze plan zehatz bat egiteko unea zen, eraikinaren patologien kausak zeintzuk ziren identifikatu eta konpontzeko. Horretarako, tresna eta baliabide tekniko eta zientifikoez hornituta, arkitektura, arkeologia eta artearen historian aditu eta profesional talde handia bildu zen Santa Marian, errekuperazioaren pausoak gidatuko zituen plana garatu eta martxan jartzeko helburuarekin.
Zaharberritze prozesu honen nondik norakoak jorratuko ditu Abierto por obras dokumentalak, eta prozesu horretan parte hartu zuten profesionalen testigantzak bilduko ditu.