22:15ean
'No es País para Sosos' saio gastronomiko berria, gaur, ETB2n
A.H.
EITB
Juanito Oiarzabal, Unai Emery, Tania Llasera, Asier Illarramendi eta Mikel Umeneta gonbidatuek Ramon Roteta eta Ander Gonzalez sukaldarien lana epaituko dute.
ETB2k 'No es País para Sosos' saio berria estreinatuko du, gaur gauean . Ramon Roteta eta Ander Gonzalez sukaldariek bidaia gastronomikoa egingo dute Euskal Herriko bazter eta parajeetatik, tokian tokiko produktu eta ohiturak ezagutuz.
'No es País para Sosos' saioak Euskal Herriko gastronomiaren esentzia ezagutu nahi izango du: herrietan, kalean, landa-eremuetan zein kostaldean, egiten den sukaldaritza. Sukaldariek produktuen jatorria ezagutuko dute, eta bertan, paraje paregabeez inguratuta prestatuko dituzte bertoko plater ezagunenak.
Astero pertsona ezagun bat izango dute gonbidatu, bisitan joango diren zonaldeko ordezkari gisa: Unai Emery hondarribiarra Gipuzkoako kostaldeari eskainitako saioan, Juaanito Oiarzabal mendizalea Arabako Errioxakoan, Mikel Urmeneta Kukuxumusuren sortzailea Baztan ibarrakoan eta Asier Illarramendi Real Madrileko futbolaria Deba ibaian zehar egingo duten bidaian.
Lehia gastronomikoa
Gonbidatu bakoitzak erronka gastronomiko bat aurkeztuko die Ramon Roteta eta Ander Gonzalez sukaldariei: saioaren amaieran, bertoko produktuak erabiliz plater bat prestatu beharko dute. Aurrez, saioan zehar, zonalde bakoitzeko gastronomian murgilduko dira, bertoko ohitura eta produktuak ezagutuz, eta euren platerak prestatzeko behar dituzten osagaiak bilduko dituzte.
Sukaldariek tokian tokiko paraje ederrena aukeratuko dute euren jakia prestatzeko. Bertan, bi sukaldarien arteko lehiaren irabazlea nor izango den erabakiko du gonbidatuak.
Besteak beste, olagarro zopa prestatuko dute Zumaiako San Telmo ermitaren ondoan, bisigua parrilan Orion, arkume zartaginkada Arabako Errioxako mahastien artean eta marmitakoa Ondarroako portuan.
Ramon Roteta eta Ander Gonzalez
Ramon Rotetak eta Ander Gonzalezek Euskal Herriko gastronomia onena ekarriko dute telebistara. Ramon Roteta eskarmentu handiko sukaldaria da, Euskal sukaldaritza berriaren bultzatzaile izandakoa, Juan Mari Arzak, Pedro Subijana edota Karlos Arguiñanorekin batera. Ander Gonzalezek, gazteagoa izan arren, hogei urte daramatza sukalde lanetan, Donostiako Astelena jatetxean. Biek ala biek ETB2ko 'Sukaldari' saioan parte hartu zuten epaile lanetan.
Nortasun desberdinak dituzten arren, egoera dibertigarriak biziko dituzte elkarrekin. Bien artetik onena nor den erakutsi beharko dute, baina umorez betetako lehia izango da.
Gaur gauean, ez ezazu galdu 'No es País para Sosos' saio gastronomiko berria, 22:15ean, ETB2n.