Saio berria ETB1en
'Stars. Izarrak Kalean', Haritz Lete eta Maria Amolategi aurkezleekin
EITB
Euskal Telebistako talent show berriak lehiakideak kalean kantari jarriko ditu.
'Stars. Izarrak Kalean' talent show berria prestatzen ari da Euskal Telebista. Haritz Lete eta Maria Amolategi gazteek aurkeztuko dute saioa eta lehiakideak kalean kantari jarriko dituzte.
Abesten ongi dakiten lagunek euren gaitasunak erakutsi ahal izango dituzte lehiaketa honetan, banaka edo bikoteka. Atal bakoitzean lau lehiakide edo lau lehiakide multzo ezberdin izango dira, eta binakako dueluetan neurtuko dituzte indarrak. Aukeratuak izan direnak ordu bete izango dute prestatzeko eta bi finalerdien ondoren irabazleak finalean lehiatuko dira.
Publikoak txanponak botako dizkie lehiakideei, eta diru gehien eskuratzen duena izango da irabazlea eta erronda pasako duena. Kaleko jendeak erabakiko du beti nork irabaziko duen lehia bakoitza.
Saio bakoitza hiri batean grabatuko da eta bakoitzean txapeldun bat izango da. Hortik aterako dira final handian parte hartuko duten lehiakideak.
Lehiakideek, abesteko abilidadeaz gain, bere ingurura bilduko den publikoa erakartzeko trebezia erakutsi beharko dute.
Haritz Lete eta Maria Amolategi
Haritz Lete eta Maria Amolategi aurkezleak musika munduarekin harreman estua duten gazteak dira. Haritz Lete 35 urteko eibartarra da eta musika zale amorratua. Musikarekin zerikusia zuen beste programa bat aurkeztu zuen ETBn: 'Gaztea Live'.
Maria Amolategi, berriz, musika mundutik dator. 27 urte ditu, eta beasaindara da. Sugan taldeko kantaria izan zen eta 'La Voz' telebistan saioan parte hartu zuen.
'Stars. Izarrak kalean' uda honetan emititzen hasiko da ETB1en. Pausokak eta ETBk ekoiztu dute elkarlanean, eta Aitor Aranguren da zuzendaria.