15:00ean
Antton Luku idazleari elkarrizketa, gaur, 'Sautrela'n
A.H.
EITB
Horrez gain, Gabriel García Márquez idazlearen literatura eta estiloaz arituko dira erreportajearen atalean.
Gaur, Antton Luku Nafarroa Behereko euskal idazle eta antzerkigilea elkarrizketatuko dute 'Sautrela' saioan. Libertitzeaz izeneko ikerketa mardula argitaratu berri du Pamiela etxean, dantza eta antzerkiaren inguruko saio sakon eta zabala. Berriz ere euskal kultura auzitan ipintzen du obra berri honetan: nola transmititzen da ondare hori guztia? Nola ari da aldatzen? nola ulertu ingurune urbano globalizatu batetik kultura hori guztia? Galdera horiei eta beste zenbaiti erantzungo die Lukuk.
Bestalde, Gabriel García Márquez idazle handiaren literaturari erreportajea eskainiko dio larunbateko 'Sautrela'k. 1982an Literatura Nobel Saria eskuratuta, espainieraz idazten duten idazle garaikideen arteko autore nabarmenetakoa izan zen. Arrakasta horretan izan zuen zerikusirik ere Cien años de soledad (Hamar urte bakardade) nobelak. Macondo herri imaginarioan kokatutako istorio horrek eragin nabarmena izan zuen mundu osoko idazleengan, eta neurri batean, aro bat markatu zuela esan daiteke. Izan ere, errealismo magikoaren epigonotzat jo izan da maiz García Márquezen literatura, eta gurean ere estilo horrek arrastoa utzi zuela agerikoa da. Aurtengo martxoan zendu berritan, ordea, Garcia Marquezen literaturaren gorespenekin bat estilo horrek halako betekada bat eragin zuela ere adierazi izan du batek baino gehiagok. Horrela, bada, zertan da García Márquezen literatura? Ze azpimarra dezakegu egungo testuingurutik?
Amaitzeko, Beñat Sarasolak Joan Mari Irigoien-en lehendabiziko nobeletako bat azalduko du. Orduko bere proiektu handienetako bat: Poliedroaren hostoak. Liburu konplexua eta Irigoienen literatur ibilbidearen erakusgarri ona.
'Sautrela' gaur emitituko da, 15:00etatik aurrera, ETB1en.