Itxi

Programazio berria

Zazpi saio berri estreinatuko ditu ETBk uda honetan

'Stars Izarrak Kalean', 'Itxuroso', 'Zirt Zart', 'Cuadrilla Busca Cita', 'Iñaki & CIA', 'No es País para Sosos' eta 'Por Fin Viernes' ditugu nobedade nagusiak.

Your browser doesn’t support HTML5 video

Nobedade ugari egongo da aurten Euskal Telebistaren udako programazioan, tartean, zazpi saio berri: 'Stars Izarrak Kalean', 'Itxuroso', 'Zirt Zart', 'Cuadrilla Busca Cita', 'Iñaki & CIA', 'No es País para Sosos' eta 'Por Fin Viernes'. Iazko udan arrakastatsu emititu zen 'Bost Baietz' lehiaketaren denboraldi berria abian da jada, eta '6 Argazkitan', 'Implicada' eta 'Irrikitown' saioek ere jarraipena izango dute. 'Sin Ir Más Lejos' arratsaldeko magazinak ez du etenik izango udan, eta, urtero legez, jaiei buruzko tarteak eta emanaldi bereziak egingo ditu ETBk. Kirol eskaintza zabalak eta albistegiek osatuko dute ostiral honetan Donostian aurkeztu den programazioa.

ETB1

Julian Iantzi gure kale, azoka edo jaigunetan dabil jada 'Bost Baietz' lehiaketarekin. Gauero ETB1en ikusgai dugun saioan parte hartzen dutenek bost minutuan hainbat galdera erantzun behar dituzte, bakarrik edo ingurukoei laguntza eskatuta. Ondo pasatzeaz gain, diru apur bat irabazteko aukera dute.

Kaleko lehiaketa izango da Maria Amolategik eta Haritz Letek gidatuko duten 'Stars Izarrak Kalean' ere, baina, kasu honetan, abesteko gaitasuna erakutsi beharko dute lehiakideek. Banaka edo taldeka parte hartu daiteke, eta kaleko jendeak erabakiko du irabazlea nor den. Saio bakoitza hiri batean grabatuko da eta bakoitzeko txapeldunak final handia jokatuko du.

ETB1en laster ikusgai izango dugun beste saio berria 'Itxuroso' da. Euskaldunon irudia aldatu eta hobetzen saiatuko dira Maite Eskarmendi kazetaria eta Unai Goikolea artista uztailaren 14tik aurrera. Nahi eta behar ezberdinek motibatuta, look berri baten bila dabiltzan lau pertsona hartuko dituzte astero programan. Gainera, aurpegi ospetsuak ere jarriko dira modako adituen eskuetan, Eva Arguiñano gozogilea eta Koikili Lertxundi futbolaria esate baterako.

Umore saioei dagokionez, batetik, 'Irrikitown' saioko pertsonaiekin eta istorioekin gozatzeko parada izango dugu udan, datorren asteartetik aurrera. Bestetik, 'Zirt Zart' saio berria estreinatuko du ETB1ek uztailaren 6an. Euskal Telebistako saioak, oraingoak eta lehengoak, eta interneteko azken bideo biralak oinarri hartuta, umorezko atal ezberdinak egingo dituzte. Gazteako Mikel Fernandez izango da ikus-entzulea atal ezberdinetatik gidatuko duen ahotsa.

Azkenik, Pedro Mari Goikoetxea gidari duen '6 Argazkitan' saioaren atal berrietan, Jose Luis Korta, Gorka Knörr, Pampi Ladutxe eta Jose Antonio Ardanza izango ditugu protagonista. Arlo ezberdinetan ezagunak diren pertsona hauen ibilbidea ezagutuko dugu, eurentzat esanahi berezia duten argazkietatik abiatuta.

Gainera, astelehen honetan, 'Ezkutucam' kamera ezkutuak oinarri dituen saio berezia izango da ikusgai ETB1en. Ezohiko hainbat egoeraren aurrean kaleko jendearen erreakzioa ikusiko dugu. Euskal Herriko hiriburuetan grabatu dira, betiere barrea eragiteko asmoz.

ETB2

Reyes Prados eta Iñaki Lopez aurkezleak ETBn ikusiko ditugu berriz ere: Reyes igande honetatik aurrera, 'Cuadrilla Busca Cita' saioarekin, eta Iñaki ekainaren 19tik aurrera, 'Iñaki & CIA'rekin.

'Cuadrilla Busca Cita' saioan, izenburuak dioen bezala, lagun-talde batzuek taldeko ezkongabearentzat zita bat bilatuko dute. Asteburuko egonaldi bat antolatuko dute horretarako, kirol jarduera eta proba dibertigarri ugarirekin. Elkarbizitza horretan ordena apur bat jartzearen ardura izango du Reyes Pradosek.

'Iñaki & CIA' saioan, Iñaki Lopez pertsona ezagun baten eguneroko bizitzan murgilduko da, horren alor profesional eta irudi publikotik harago, bakoitzaren izaera eta alderik pertsonalena ezagutzeko asmoz. Jon Kortajarena top model bilbotarrarekin, Paco Etxeberria auzitegiko medikuarekin, Loquillo musikari ezagunarekin, Cristina Almeida abokatuarekin, Juanito Oiarzabal mendizalearekin eta Ivan Fandiño toreatzailearekin izango da.

Ekainaren 30ean helduko da ETB2ra 'No es País para Sosos'. Ramon Roteta eta Ander Gonzalez sukaldariek bidaia gastronomikoa egingo dute Euskal Herriko bazter eta paraje ederretatik, tokian tokiko produktu eta ohiturak ezagutuz. Saioaren amaieran, jaki horiek erabiliz plater bat prestatu beharko du bakoitzak, eta gonbidatu berezi batek erabakiko du bietako zein den onena. Unai Emery, Juanito Oiarzabal, Mikel Urmeneta, Tania Llasera eta Asier Illarramendirekin izango dira, besteak beste.

ETB2ko azken nobedadea 'Por Fin, Viernes' eztabaida-saioa dugu, aktualitatea aztertzea helburu izango duena.

Gaurkotasunari estuki lotuta jarraituko du udan ere 'Sin Ir Más Lejos' saioak, Klaudio Landarekin. Gainera, Xabier Mendiak 'SIML Verano' edizio berezia gidatuko du jaien eta udako ekitaldien berri emateko ekainaren 30etik aurrera.

Amaitzeko, 'Implicada' saioan esperientzia berriak biziko ditu Ana Urrutiak. Datorren astelehenean, esate baterako, adrenalina puri-purian duela ikusiko dugu 'Eguraldi'ko aurkezlea, bigantxa baten aurrean, Kaikuko traineruan arraun egiten, zinema munduko trikimailuak ikasten…

Albistegiak, kirolak eta emanaldi bereziak

Euskal Telebistaren udako eskaintza zabala albistegiek, kirolek eta emanaldi bereziek osatuko dute. Arrauna, pilota eta txirrindularitza izango dira kirol programazioaren ardatz nagusiak. Estropada denboraldi osoa eskainiko da: San Miguel, Euskotren eta KAE ligak, Euskadi eta Espainiako txapelketak, eta Kontxako Bandera. Larunbat honetatik aurrera jokatuko den Suitzako Itzuliaren ondotik, Frantziako Tourra eta Donostia-Donostia Klasikoa izango ditugu ikusgai. Eta pilotari dagokionez, Buruz Buruko Txapelketako finalean eta udako jaialdi guztietan izango dira ETBko kamerak.

Emanaldi berezien tartean, ETBk adi-adi jarraituko ditu Sanferminak, Baionako Bestak, Andre Maria Zuriaren jaiak eta Donostia eta Bilboko Aste Nagusiak. Horrez gain, Pirritx, Porrotx eta Mari Mototsek Euskadiko Orkestra Sinfonikoarekin Donostian eskainiko duen kontzertua, Bilboko Udal Txistulari Bandaren 10. urteurreneko kontzertu berezia eta Luis Mariano herrikoia kontzertua grabatuko dira, besteak beste.

Bideoak (1)

Galeriak (1)