23:45ean
'Pablo Ibar, euskaldun bat heriotzaren korridorean', gaur, ETB2n
Mikel Reparaz kazetariaren eskutik, Pablo Ibarren bizitza ezagutuko dugu; 14 urte daramatza heriotza korridorean Ibarrek, Floridako kartzela batean. ’60 Minutos’ saioko erreportaje berezia izango da.
Pablo Ibarrek 14 urte daramatza heriotzaren korridorean, Floridako espetxe batean, eta 20 urte daramatza guztira preso; hiru lagun hil izana leporatzen diote, berak ez zuela halakorik egin zin egin arren. Gaur gauean, '60 Minutos' saioan, Mikel Reparaz kazetariaren eskutik (EiTBk AEBn duen berriemailea), Pablo Ibarren eta haren senideen bizitza gertutik ezagutzeko aukera izango dugu.
Raiford espetxean dago Pablo, Floridan, eta hantxe hitz egingo dugu berarekin, bere egunerokoaz, familiaz, epaia gauzatzeko duen beldurraz eta haren ametsez zein esperantzaz.
Pablo Ibarren emaztea, aita eta abokatua
Raiford espetxetik kanpo bizitzak aurrera jarraitu arren, Pabloren ingurukoak haren bueltan bizi dira. Pabloren emazte Tanyak, esaterako, duela 20 urtetik autoa hartzen du zapatu guztietan, goizean goiz, senarra kartzelan ikusteko astean behin duen bisitara garaiz heltzeko.
Bestalde, Candido Ibar Pabloren aitarekin ere hitz egingo dugu, Urtain boxeolari ezagunaren anaiarekin, alegia. Zestoan jaio zen Candido, eta AEBra joan zen gaztetan, pilotari profesional gisa. Oso gogorra da aitarentzat semea horrela ikustea eta amesgaizto horretatik ateratzea lortu ez izana.
Pablo Ibarren abokatua, Benjamin Waxman, ere elkarrizketatuko du Mikel Reparazek, Pabloren kasua zein egoeratan dagoen jakiteko, eta Hermano Dale eta Ingrid Delgado heriotza zigorraren aurkako ekintzaileen adierazpenak ere jasoko ditu.
Pablo Ibar kasua
1994an, gau giroko taberna bateko jabea eta bi modelo jipoitu eta buruan tirokatuta hil zituzten, Floridan. Erasoa eta hilketa ezkutuko kamera batekin grabatu zituzten. Aste batzuk geroago, Pablo Ibar atxilotu zuten, beste delitu batengatik. Poliziaren ustez, baina, hilketa izan zen tokian grabatutako irudietan agertzen zen lagunak eta atxilotuak antz handia zuten.
Sei urtez atzerapenak izan ondoren, 2000ko ekainaren 14an heriotza-zigorra ezarri zioten Pablo Ibarri, hiru lagun hiltzea leporatuta. Ordutik, heriotzaren korridorean dago, Raiford espetxean, Floridan.
Gaur gauean, 23:45etik aurrera, ETB2n izango da ikusgai '60 Minutos' saioko erreportaje berezia: 'Pablo Ibar, euskaldun bat heriotzaren korridorean'.