Arrauna
Estropada denboraldia, martxan, ETBn
A.A.
EiTB
San Miguel eta Euskotren Liga osoak, KAE Ligako bi proba, Euskadi eta Espainiako txapelketak eta Kontxako Bandera eskainiko dira ETB1en eta eitb.com-en.
Your browser doesn’t support HTML5 video
Abiatu da estropada denboraldia Euskal Telebistan Zumaiako Ikurrinarekin. Guztira 26 emanaldi egingo dituzte ETB1ek eta eitb.com-ek ekainaren 22an hasi eta irailaren 21era bitartean: San Miguel eta Eusko Tren Liga osoak, KAE Ligako bi proba, Euskadi eta Espainiako txapelketak, eta Kontxako Bandera.
KAE Ligako lehen proba izan genuen 22koa, Zumaiako XIX. Bandera. Maila honetako beste estropada bat eskainiko du ETBk, Santurtzikoa, abuztuaren 2an.
San Miguel Liga oso-osorik izango da ikusgai ETB1en eta eitb.com-en. Iaz bezala, Bartzelonan hasi zen lehia, Euskadi Basque Country Banderarekin, ekainaren 29an. Guztira 18 bandera jokatuko dituzte gizonezkoen lehen mailako ligan. Azkena Portugaleten izango da, El Corte Ingles Bandera, irailaren 21ean.
Bestalde, emakumeen Eusko Tren Ligako estropada guztiak eskainiko dira. Hauek zazpi bandera izango dituzte jokoan: Pedreñan lehendabizikoa, Marina de Cudeyo Bandera, uztailaren 12an, eta bi jardunalditan jokatuko den Zarauzko Ikurrina azkena, abuztuaren 16an eta 17an.
Euskadiko Txapelketa uztailaren 31n izango da eta Espainiakoa abuztuaren 3an. Irailarekin batera, denboraldiko zita nagusia helduko da: Donostiako Bandera, Kontxako badian. Sailkatze saioa irailaren 4an jokatuko da, lehen jardunaldia 7an, eta bigarrena 14an.
Mikel Olazabalek gidatuko ditu estropada emanaldiak, Ibon Gaztañazpi adituaren laguntzaz, eta Sara Gandarak protagonisten hitzak bilduko ditu.