Itxi

22:15ean

'Viaje al centro de la Tierra' eta Brendan Fraser, gaur, ETB2n

Islandiako kobazulo batean harrapatuta geratzen diren hiru pertsonaren abenturak kontatzen ditu filmak. Jules Verneren liburua gida moduan erabilita, lur barreneko mundurako bidea aurkituko dute.

Jules Verne idazle frantziarrak 1864an idatzitako klasiko honen milagarren egokitzapena da, larunbatean, ETB2k eskainiko duen Viaje al centro de la Tierra filma. Eric Brevig zinemagileak zuzendu zuen, 2008an, eta Brendan Fraser, Josh Hutcherson eta Anita Briem ditu protagonista.

Trevor Anderson zientzialariaren anaia Islandiako kobazulo batean lur barreneko mundu bat ote zegoen ikertzera joan zela desagertu zen. Trevorrek anaiari zer gertatu zitzaion jakin nahi du, eta horretarako iloba hartu eta Islandiara joango dira espedizioan. Hanna islandiar gidaren laguntzarekin, kobazuloan sartuko dira, baina harrapatuta geratuko dira Lurraren erdigunetik oso-oso gertu direnean.

Ordura arte inoiz ikusi ez dituzten munduak ezagutuko ditu hirukoteak, hala nola, izaki surrealista eta pentsaezinak, gizakiak jaten dituzten landareak, piraina hegalari erraldoiak, txori distiratsuak eta dinosauro beldurgarriak.

Bere inguruan, bat-batean, jarduera bolkanikoa hasiko da, eta hiru abenturazaleek lurrazalerarako irteera aurkitu beharko dute berandu baino lehen.

Gaur, Viaje al centro de la Tierra fantasiazko abentura, 22:15ean, ETB2n.